Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Hiru urteko espetxealdia, emazteari 'ohiko tratu txarrak' emateagatik

Gaur kaleratutako ebazpenean, frogatutzat jo dute zigortutako gizonak, Basauriko bizilaguna, behin eta berriz eraso diola emazteari.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hiru urte, sei hilabete eta bi asteko kartzela zigorra ezarri dio Basauriko bizilagun bati, emazteari "ohiko tratu txarrak eta ezohikoak emateagatik" eta "mehatxu egiteagatik".

Gaur kaleratu duen ebazpenean, iazko abenduan Bilboko Auzitegiak auzipetutako gizonezkoari ezarritako zigorra berretsi egin du Lurralde Auzitegiak, eta bertan behera utzi du bikotekidea iraintzeagatik jarritakoa.

Epailearen arabera, frogatuta dago gizonezkoak emazteari behin eta berriz eraso diola eta mespretxuzko hitzak erabiltzen dituela hari zuzentzeko. Horrek, ebazpenean jasotakoaren arabera, emakumea psikologikoki ondo ez egotea eta, ondorioz, adituen arreta berezia behar izatea eragin du.

Frogatutzat jo dituzten erasoen artean, Auzitegiak 2013ko ekainean emakumeak jasandako erasoa aipatu du; senarrak bi zaplazteko eman zizkion eta eskaileretatik behera bota zuen. Beste hainbat kasutan, berriz, senitartekoen aurrean jo zuen gizonak emaztea, eta bi ordu baino gutxiagoan 94 aldiz deitu zion telefonoz, behin eta berriz irainduz.

Espetxe zigorraz gain, gizonezkoak 2.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio emakumeari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian