Gizartea -
San Markos Mankomunitatea
Edukiontziak eskainiko dizkiete atez atekoa kendu nahi duten udalei
Denis Itxaso San Markos Mankomunitateko presidenteak aurreratu duenez, abiatu dituzte kontaktuak Pasaiarekin.
Agentziak | Erredakzioa
San Markos Mankomunitateak edukiontziak eskainiko dizkie atez ateko hondakin bilketa sistema kendu nahi duten udalerriei. Zerbitzua ahalik eta arinen eskaini ahal izateko, ''gogor'' ari dira lanean planifikazio lanetan, eta jada lehen kontaktuak egin dituzte Pasaiarekin, Itxasok aurreratu duenez.
San Markoseko presidentearen arabera, ''litekeena da ekainaren 13an Izaskun Gomez izendatzea alkate'', eta Gomezek berak egindako eskaerari erantzuteko asmoa dute.
Donostian egin du prentsaurrekoa Itxasok eta, bertan azaldu duenez, ''oraindik modu informalean'' egin dute Pasaiarekin kontaktu hori. Halaber, gaineratu du ''zain'' daudela beste udal batzuek erabakiak hartu eta ''beren udalerrien zerbitzura'' lan egin dezaten.
Edukiontzien erosketa
San Markos Mankomunitateko presidentearen hitzetan, edukiontzien erosketa da sistema berrian zabaltzeko ''oztoporik handiena'', horiek eskatu eta ekoizteko ''bi hilabete'' behar dituztelako.
Edonola ere, stockean dituzten edukiontziak baliatuta, uztailean bertan hasi litezke, Trintxerpetik.
Kostua
Pasaia zaborren bilketa ibilbidean sartzeak urtean 279.292 euroko kostua izango du, ''atez atekoarekin Udalak azken urtean bere gain hartu duena baino askoz gutxiago'', Itxasok adierazi duenez. Izan ere, atez atekoaren kostua 1.207.560 eurokoa izan dela adierazi du
Bestalde, 165 edukiontzi jartzeak 118.250 euro kostatua izango luke, Itxasoren arabera.