Gizartea -
Aurreneko hilabetea martxan
Atez atekoak birziklapen tasa hirukoiztu du, Lezoko Udalaren hitzetan
Lehen hilabetearen emaitzak "oso onak" direla adierazi du Udalak. "Herritarren jarrerarekin harro" azaldu da Udala. Birziklapen tasa % 27koa izatetik % 83ra pasa dela ziurtatu du.
Erredakzioa
Zaborrak biltzeko atez ateko sistemak hilabete bat bete du martxan Lezon, eta Udalak balantzea egin du gaur. "Birziklapen tasa hirukoiztu" egin dela ziurtatu du Udalak; izan ere, % 27koa izatetik % 83ra pasa da.
Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak eta Ainhoa Intxaurrandieta zinegotziak agerraldia egin dute atez ateko sistemaren emaitzen berri emateko. Lehen hilabetearen emaitzak "oso onak" direla adierazi dute Udaleko ordezkariek. Gainera, "herritarren jarrerarekin harro" azaldu dira.
Bestalde, atez atekoa alternatibarik onena zela defendatu du Ainhoa Intxaurrandietak. Beste eredu batzuekin "bilketa tasa hain handiak lortzerik ezinezkoa da", Udalaren ahotan. "Bosgarren edukiontzia ezarri duten" herrien emaitzek hori demostratu dutela gaineratu du Intxaurrandietak.
Udaleko arduradunen hitzetan, "herritar batzuk, hasiera batean, sistemaren aurka azaldu ziren, baina arazorik gabe moldatu dira".