Gizartea -

Bizkaia

Gernika inguruan droga saltzen zuen talde bat desegin dute

Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu eta epaileak espetxeratzeko agindua eman du. Operazioan kokaina kilo erdi baino gehiago eta 23.000 euro atzeman dituzte. Baliteke atxiloketa gehiago egitea.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak hiru gizonezko atxilotu ditu, 49, 57 eta 66 urtekoak, eta epaileak espetxeratzeko agindua eman du, Gernika (Bizkaia) inguruan droga saltzen duen talde baten kide izatea leporatuta, Segurtasun Sailak zabaldu duenez.

Bi atxiloturen etxeetan egindako miaketetan, ertzainek 500 gramo kokaina baino gehiago eta 23.000 euro inguru atzeman dituzte, ustez droga-salmentan irabazitakoak. Operazioak zabalik jarraitzen du eta ez dute atxiloketa gehiago baztertzen.

Ertzaintzak aurreko martxoan abiarazi zituen ikerketak, herritarrek jarritako hainbat salaketen ostean. Salatzaileen arabera, Gernikako Ospitale berriaren inguruan droga saltzen ari ziren zenbait pertsona, zehatz-mehatz, Aita Luis Villasante kalean.

Agenteek ondorioztatu zutenez, hiru gizon -oso ezagunak inguruan- droga-trafikoaz arduratzen ziren, ondoren Gernikaldean saltzeko.

Ostiralean, ertzainek hiru gizonezkoak atxilotu zituzten: 66 urtekoa Autzaganen, Muxikan; 57 urtekoa Gernikan, garajetik irteten ari zenean eta, 49 urtekoa, Etxebarriako taberna batean. Guztiek kokaina eta dirua zeramatzaten soinean.

Ondoren, atzo, larunbata, epailearen esku utzi zituzten Gernikan, eta guardiako epaileak Basauriko espetxera bidaltzeko agindua eman zuen.

Ertzaintzak ikerketan lanean jarraitzen du beste pertsonarik inplikatuta ote dagoen zehazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Drogak albisteak Gernika-Lumo argazkiak