Gizartea -

12 urteren ondoren

Couso auzia itxi du Auzitegi Nazionalak

Gorenak ezarritako jurisprudentziari jarraiki, Espainiak eskuduntzarik ez duela ondorioztatu du Pedraz epaileak eta hiru militarren kontra zegoen atxilotze agindua bertan behera utzi du.

Jose Couso 2003an hil zuten AEBko soldaduek. Argazkia: EFE
Jose Couso 2003an hil zuten AEBko soldaduek. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak Couso auzia ixtea erabaki du gaur, Auzitegi Gorenak Tibet auziaren harira ezarritako jurisprudentziari jarraiki. Horren arabera, nazioarteko aferetan Espainiak ez du eskuduntzarik.

AEBko Armadak 2003ko apirilaren 8an hil zuen Jose Couso Telecincoko kameralaria, Irakeko Palestina hotelean. 2011n hiru militar estatubatuar auzipetu eta atxilotzeko agindua eman zuen Pedrazek, gatazka armatuan pertsona eta ondasun babestuen kontrako delituak eta homizidioa egin izana egotzita.

Orain, baina, auzia artxibatzea ebatzi du Pedrazek, Gorenak Tibet auzian ezarritako irizpidea "tankerako oinarria duten beste auzi batzuetan aplikagarria" dela iritzita.

AEBko hiru militarren kontrako atxilotze agindua bertan behera utzi behar izana deitoratu du epaileak, 12 urteko instrukzioaren ostean. Pedrazen esanetan, Tibeten harira Gorenak emandako epai irmoaren eta justizia unibertsalaren legearen erreformaren ondotik, auzia artxibatzea beste erremediorik ez du.

"Espainian ez beste inon ezingo da bilatu: legegile espainiarrak onartutako lege berriak galarazi egiten du espainiar baten kontra egindako gerra-krimenak jazartzea, ustezko gaizkileak Espainian babestu badira, oso zaila da gertatzea, izan ezik".

Epaileak gogorarazi duenez, 2014ko martxoaren 17an, justizia unibertsaleko lege berria indarrean sartu eta gutxira, Espainiako auzitegien zilegitasuna defendatu zuen hiru militar estatubatuarren auzia ikertzeko, pertsonen eta babestutako ondasunen kontrako delituengatik gatazka armatuaren kasuan, aurkeztutako homizidio delituarekin batera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Justizia Unibertsala Espainia