Gizartea -
Madrilen
Cousorentzat justizia eskatu dute haren heriotzaren 12. urteurrenean
Senideak eta lagunak AEBko enbaxadaren aurrean bildu dira, Iraken hildako kamerariaren heriotza argitzeko "ikerketa eta justizia" aldarrikatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose Cousoren senidek, lagunek eta lankidek elkarretaratzea egin dute igande honetan Madrilen, AEBko enbaxadaren aurrean, Telecincoko kamerariaren heriotzaren 12. urteurrenean justizia eskatzeko.
Europa Pressi egindako adierazpenetan David Cousok, Joseren anaietako batek, aitortu duenez, kalera atera dira "jendearen beroa jasota", eta "gaur egun ez dugun gauza bat aldarrikatzeko asmoz: ikerketa eta justizia, hain zuzen ere".
Cousorena "AEBko militarren aurka irekitako auzi bakarra da munduan", azpimarratu du anaiak, "eta AEBko administrazioak ez du inolako laguntzarik eskaini".
AEBko bost militar inputatuta daude, eta horietako hiruei atxilotzeko agindua ezarri diete. Gainerako biei epailearen ebazpenaren zain daude (horiek ere atxilotzeko eskaera egin du Cousoren sendiak).
Halaber, Espainiako Gobernuaren jarrerarekiko tristura sentitzen duela esan du David Cousok, "bere herritarrak babestu beharrean, beste administrazio baten aurrean makurtzen baita". Cousoren iritzian, Espainiako Gobernuak "ez du jazotakoa gaitzetsi, ez du erantzukizunak eskatu eta ez du herritar espainiar bat defendatu".
Gaurko elkarretaratzean Los Chikos del Maíz musika-taldea, 'Salvemos TeleMadrid' plataformako kideak eta RTVEko Informatibo-Kontseiluko kideak izan dira. 'Aurten borrokak aurrera jarraitzen du, zure beroari eta laguntzari esker' lelopean elkartu dira Madrilgo Serrano kalean.
Iraken hildako kamerariaren anaiak esan duenez, "helburua bete dugu aurten ere, eta gaur egun ez duguna kalean eskatzen jarraituko dugu", justiziari aipamena eginda.
Couso 2003ko apirilaren 8an hil zuten Bagdaden, Palestina hotelean, AEBko Armadak hotel horren aurka eraso egin ostean. Erasoan hiru kazetari hil ziren, eta beste hainbat zauritu ziren.