Gizartea -
Adingabeen Fiskaltza
Irakasle batek ikasle bat salatu du Ondarroan, desobedientzia egotzita
Antza denez, gela barruam izandako gertakari baten ondotik elkar oihukatzen eta bultzatzen hasi ziren. Orain, Adingabeen Fiskaltzak erabakiko du deliturik dagoen ala ez.
O.A. | ERREDAKZIOA
Ondarroako Bigarren Hezkuntzako Institutuko irakasle batek bertako ikasle bat salatu du Adingabeen Fiskaltzaren aurrean desobedientzia egotzita, Deia egunkariak gaurko alean dakarrenez. Orain, Adingabeen Fiskaltzak erabakiko du deliturik dagoen ala ez, eta hala izatekotan, zein eratako delitua egon den. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikuskaritza Zerbitzuak ikerketa zabaldu du gertaturikoa argitzeko, adin txikikoaren familiak gertaeraren berri eman ostean.
Irakasleak jarritako salaketaren arabera, birritan errieta egin zion ikasleari gela barruan izan zuen jarreragatik eta, segidan, gertakarien partea betetzeko eskatu zion haren bertsioa azaltzeko. Irakaslearen hitzetan, ikasleak uko egin zion idatzia betetzeari eta oihu egiten hasi zitzaion eta irakasleak oihuekin erantzun zion. Eztabaida gogortu egin zen eta, irakaslearen esanetan, ikasleak bultzakada bat eman zion altxatzerakoan ezkerreko sorbaldarekin. Segidan, elkar oihukatzen eta bultzatzen hasi ziren.
Ondoren, ikaslea Zuzendaritzara joan eta Ikasketa buruarekin hitz egin zuen.
Momentuz, ez dituzte ez irakaslea ezta ikaslea ere zigortu. Eusko Jaurlaritzako tekniko bat institutuan izan zen duela gutxi irakaslearekin hitz egiteko eta haren bertsioa ezagutzeko. Dena den, bisitaren helburua irakaslearen bertsioa ezagutzea eta arazoari konponbidea ematea ziren.
Bestalde, institutuko zuzendaritzak ez die zigorrik ezarri ez irakasleari eta ezta ikasleari ere.