Gizartea -

Gas-instalazioen azterketetan iruzurrak atzeman dituzte EAEn

Kontsumobidek ohartarazi duenez, gas-instalazioen azterketetan iruzurrak atzeman dituzte Aiaraldean (Araba) eta Busturialdean (Bizkaia).

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumobidek ohartarazi duenez, gas-instalazioen azterketetan iruzurrak atzeman dituzte Aiaraldean (Araba) eta Busturialdean (Bizkaia).

Horregatik, ontziratutako gasaren (butanoa eta propanoa) erabiltzaileei ohartarazi die “kontu handiz” ibiltzeko etxean jarduteko eskaerak onartzen dituztenean.

Salaketen arabera, 70 bat euroko fakturak egin dituzte, gomak aldatu eta beharrezko 'egiaztapenak' egiteagatik. Iruzurgileek normalean herriguneetatik urrun dauden eremuetan jarduten dute, eta adineko jendeari egiten diote iruzur, Kontsumobideren esanetan.

Horrelako iruzurrak saihesteko, elkarteak gogoratu du ontziratutako gasaren instalazioen beharrezko azterketa lau urtean behin egin behar dela. “Ontziratutako gasa banatzen duten enpresek azterketa egin beharra gogorarazi behar diete instalazio horien erabiltzaile edo titularrei, behar adinako aurrerapenaz, azterketa egiteko epea amaitzen den eguna argi eta garbi adierazita”. Horrez gain, “egiaztapenak” egiteko “inolako betebeharrik ez” dagoela gogoratu du Kontsumobidek.

Elkarteak gogoratu du iraungipen-data egiaztatu behar dela gomak aldatu baino lehen. “Datu hori goman inprimatuta dago, eta noiztik aurrera aldatu behar den adierazten du”, erantsi du.

Baimendutako enpresak zeintzuk diren jakiteko, Industria Ministerioaren erregistro integratua kontsultatzeko aukera dagoela gaineratu du Kontsumobidek.

Bestalde, “aldian behingo azterketa” horiekin zerikusia duten ustekabeko bisitaldiekin ez fidatzeko aholkatu du, baldin eta bisitaldia aldez aurretik eskatu ez bada edo hornidura ematen duen enpresa erabiltzailearekin aldez aurretik harremanetan jarri ez bada.

“Zalantza izanez gero, ez sinatu ezer, eta ez eman datu pertsonalik, ez ordaindu zuzenean eta etxean bertaratutako pertsonari akreditazioa erakusteko eskatu”, aholkatu dute Kontsumobidetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Araba