Gizartea -

2015eko Araba Euskaraz

Jendetza batu da Gasteizen Oiongo ikastolari babesa emateko

Aurtengo jaia hiriburuan ospatu dute, bertako azpiegiturak eta gertutasuna direla eta. Bildutako dirua Oiongo ikastolako jangela berritzeko erabiliko dute.

Araba Euskaraz 2015. Argazkia: EFE
Araba Euskaraz 2015. Argazkia: EFE
Haur, gazte eta helduek bat egin dute Gasteizen 'Araba Euskaraz' jaian

1:39

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araba Euskaraz jaia ospatu dute igande honetan eta milaka lagun batu dira Gasteizen Oiongo ikastolari babesa emateko. Arabako ikastolen aldeko aurtengo jaia Oiongo San Bizente ikastolak antolatu duen arren, Gasteizen ospatu dute, hiriburuko azpiegiturak eta gertutasuna direla eta.

Antolatzaileen esanetan, aurreikuspenak bete dira.

'Piztu Euskara' lelopean egin dute aurtengo jaia. Piztuta dagoen bonbilla bat irudikatzen du logotipoak eta leloarekin batera, norberak daraman bonbilla, euskara, irudikatzen du.

Aurtengo edizioan bilduko den diruarekin Oiongo San Bizente ikastolako jangela berriztatuko dute. 1977an ireki zituen ateak ikastola horrek, eta egun, 200dik gora ikasle hartzen ditu. Oion bertako haurrez gain, beste herri eta erkidego batzuetatik datozen ikasleak ere hartzen ditu.

Lau gune

Gasteizko Prado eta Armentia elkartu ditu aurtengo ibilbideak eta lau gune izan ditu: Prado, Mendizorrotza, Mieral eta Armentia. Horietan guztietan izan da zer ikusi eta entzun, baita zer edan eta jan ere.

Mendizorrotzan jardun dute talde gehienek: Guri 5 taldea, E. T. S., Esne Beltza eta Xaiko. Armentia guneak ere kontzertu garrantzitsu batzuk jaso ditu: Pabl DJ, Perlak taldea, Begiz Begi Baionako taldea Oihan Vega.

Ibilbidean zehar eta beste guneetan ere hainbat talde ibiltariren doinuak entzun ahal izango dituzte, tartean Gazteberri txaranga eta Irule trikitilariak.

Cristina Uriarte: "Euskara euskaldun guztiena da eta babestea guztion erantzukizuna da"

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak adierazi du euskara elkarbizitzarako eta gizarte kohesiorako instrumentua dela eta, horregatik, "guztion" ardura dela euskara babestea.

Ikastolek euskara berreskuratzeko azken hamarkadatan egin duten ekarpena nabarmendu du sailburuak.

Euskararen ezagutzan eta erabileran egindako aurrerapausoak azpimarratu ostean, aitortu du beharrezkoa dela urratsak egiten jarraitzea.

Bestalde, esan du euskara ez dela inorena, euskaldun guztiena baizik eta, horregatik, gaineratu du guztion erantzukizuna dela euskara babestea. Ildo horretan, azpimarratu du beharrezkoa dela hiritar guztiak hizkuntzaren errekuperazio prozesuan inplikatzea.

Uriarteren esanetan, euskara elkarbizitzarako eta gizarte kohesiorako instrumentua da eta, horregatik, euskara ikasteko, erabiltzeko eta gozatzeko dei egin die herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Araba Euskaraz bideoak Gasteiz