Gizartea -
Ahatzuak izateko eskubidea
Interneten datu pertsonalen babesa indartzea adostu du EBk
Araudia berriak herritarrek "ahaztuak izateko" eskubidea jaso du, hau da, datu pertsonalak desagerraraztea eskatzeko eskubidea.
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasuneko (EB) Justizia ministroek akordioa lortu dute interneten datuen babesa indartzeko araudiaren inguruan eta, horren ildotik, herritarrek "ahaztuak izateko" duten eskubidea aitortu dute.
Hogeita zortziek, hiru urtez negoziatzen izan eta gero, orain ekingo diote, udako oporrak baino lehen, negoziazioari Europako Parlamentuan, urtea bukatu aurretik behin betiko akordioa lortzeko helburuarekin.
Araudia berriak herritarrek "ahaztuak izateko" eskubidea jaso du, hau da, datu pertsonalak desagerraraztea eskatzeko eskubidea.
Letoniaren (berari egokitu zaio EBko presidentetza aldi honetan) esanetan, neurria "errealitate berrira egokituta dago eta herritarren datu pertsonalen babesa bermatzen du, erabakitzeko eskubide zabalagoa emanda". Era berean, on line bidezko zerbitzuenganako konfiantza handituko da, Letoniaren esanetan, eta hori positiboa izango da enpresentzat, bereziki enpresa txiki eta ertainentzat.
EBren kide diren estatu guztiek, Austriak eta Esloveniak izan ezik, babestu dute presidentetzak aurkeztutako testua, baina gehienek bat egin dute "abiapuntutzat" jotzean lortutako akordioa eta hobetu beharra dagoela Parlamentuan.
"Espainia ados dago araudia proposamenarekin eta, hobetu daitezkeen aldeak badaude ere, abiapuntu egokia da", esan du Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak, Europako homologoekin egindako bileran.
Ministroa, halere, kexu agertu da datuak helburu batekin jaso eta, ondoren, beste asmo batekin erabiltzen direnean. Belgika, Polonia, Lituania eta Malta herrialdeek ere azaldu dute euren kezka.
Horren haritik, itunaren arabera, baimendu egingo da datuen ondorengo erabilpena lotura baldin badauka jaso direnean izan zuten helburuarekin, berma egokiak errespetatuz gero, eta operadorearen edo hirugarren pertsona baten interesak herritarraren interesei gailentzen zaizkienean.
Espainiak proposamen hori kritikatu egin du eta aipatutako ondorengo erabilpena posible egiteko herrialde bakoitzak alde hori garatu beharko luke.
Europako Batzordearen, Kontseiluaren eta Parlamentuaren arteko aurreneko bilera, behin betiko araudia negoziatzen hasteko, ekainaren 24an izango da, Letoniak iragarri bezala.