Gizartea -
eskubide sozialak
LGTBI Harrotasunaren Eguna; jaia eta salaketa
Hainbat hiriburutan desfileak eta manifestazioak egin dituzte kolektibook; festarako tartea badago ere, munduan zehar egun gertatzen diren ekintza xenofoboak salatu dituzte.
eitb.eus
Gaur, igandea, LGTBI (lesbo, gay, transexualak, bisexualak eta intersexualak) Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat elkarte eta kolektibo sozialek aprobetxatu egin dute, festa egiteaz gain, gogorazteko munduan kolektibo horren parte diren pertsonen kontrako diskriminazioa eta gorrotoan oinarritutako krimenak ere bai.
Amnistia Internazionalak salatu duenez, hamar bat herrialdetan (Afganistan, Iran, Mauritania, Pakistan, Saudi Arabia, Sudan eta Yemen, besteak beste) heriotza zigorra aplikatzen dute gaur gaurkoz homosexualen kasuan eta, 2008-2014 urteetan, 1.731 krimen egin dizute LGTBI kolektiboen kideen kontra, 62 herrialdetan.
Hala, manifestazioak hainbat hiritan egin dira, besteak beste, Bilbon eta Iruñean 12:30ean, eta Gasteizen 13:00etan, EHGAMek (Euskal Herriko Gay/les Askapen Mugimendua) deituta.
Ehunka pertsona manifestatu dira eguerdian Bilboko kaleetan zehar, homosexualen eskubideak aldarrikatzeko, jai giroan.
12:30ean, 'Lesbo, homo, trans, fobiak kontuz!' irakur zitekeen pankarta bat eta ortzadarraren koloreak dituen bandera eskuan zutela, Kale Nagusia egin dute.
Festa giroan egin dute aldarrikapena, mozorrotuta, puxikekin eta banderekin, baina parte hartu duen lagunetako batek Bilboko Udala kritikatu du, Santo Domingo gainean gizonezkoak mutiletara joatea debekatu dutelako.
Era berean, Gasteizen, aldarrikapena Ama Birgina Zuriaren plazan egin dute eta parte hartzeko bost gune instalatu dituzte.
"Gu ez gara edozein heterok jaietan nahi dituen neska dibertigarriak, gu molestatzen dugunak gara", esan dute bertaratutakoek, manifestazioari ekin aurretik.
Bestalde, hiriburu gipuzkoarrean, Gehitu-Euskadiko Gay, Lesbo, Transexual eta Bisexualen elkarteak Kursaal Kongresu Jauregia argiztatu du, ortzadarraren banderaren koloreekin.
Asmoa da Donostiako eraikina zazpi koloreez janztea, Stonewalleko (New York, AEB) istiluak gogora ekarrita. 1969ko ekainaren 28an izan ziren liskarrak eta homosexualen askapenaren mugimenduaren hasiera izan ziren.
Argiztapena astelehenera arte mantenduko dute, "LGTBI kolektiboa ikustarazteko eta hiritarrak inplikatzen saiatzeko, pertsona guztiek eskubide berdinak izan ditzaten, sexualitatea, generoa? gorabehera".
'Gu gara?Gure eskubideak aldarrikatzen ditugu'
Iruñean manifestazioa egin dute, Harrotasunaren Egunean, hiriburuko hainbat kale zeharkatuta, 'Gu gara?Gure eskubideak aldarrikatzen ditugu' lelopean.
Kolektiboaren bandera martxaren buruan izan da denbora guztian eta bandera hori bera udaletxearen eta Nafarroako Parlamentuaren eraikinetan ere ikusi ahal izan da aurten. Gainera, bi erakundeen ordezkariek, Joseba Asiron alkateak (EH Bildu) eta Ainhoa Aznarez Parlamentuko presidenteak, manifestazioarekin bat egin dute, beste 300 bat lagunekin batera, Udaltzaingoaren arabera.
Era berean, beste alderdi batzuen zinegotzi eta ordezkariak ere izan dira bertan, esaterako, PSNren eta Izquierda-Ezkerra alderdietako kideak.
Martxa hasi aurretik, Ainhoa Aznarezek gogorarazi egin du kazetarien aurrean Foru Parlamentua "irekia" dela, "mundu guztiaren ahotsak" jasotzen dituena. "Parlamentuan kolektiboak sartuko direnez, ni ere aterako naiz", esan du.
Halaber, azaldu duenez, betidanik egon da mugimendu sozialetan eta urtero parte hartzen du manifestazio horretan. "Aurten ez nuen huts egingo", nabarmendu duenez.
Madrilen ere, lehenengoz
Ortzadarraren bandera Madrileko udaletxean ikus daiteke gaurtik eta lehen aldiz. Manuela Carmena alkatea "harro" agertu da homosexualen eskubideen arloan herrialde aitzindari baten hiriburuko ordezkari delako.
"Espainiarrok lehenak izan ginen berdinen arteko ezkontza onartzen, legeztatzen eta aitortzen, baita adopzioaren legea garatzen ere", esan du alkateak bandera altxatu duten unean.
Carmena Udaleko eta LGTBI kolektiboko beste kide batzuekin batera azaldu eta harro agertu da hainbeste pertsonen "samina eta bidegabekeriekin" bukatzeko "urrats garrantzitsua" eman zuen hiriko alkate izateagatik.
"Ikerketa beharrezkoa da"
AIren arabera, "beharrezkoa da gorrotoan oinarritutako krimenak -izaera diskriminatzailea baitute- ikertzea, zigorgabetasunarekin bukatzeko".
"Herrialde gutxitan dago gorrotoan, sexualitatean edo diskriminazioan oinarritutako delituei buruzko legedia. Estatuek pertsona guztiak babestu behar dituzte, diskriminazioaren aurrean", esan du Esteban Beltran Espainiako Amnistia Internazionalen zuzendariak, hedabideei igorritako ohar batean.
Nahiz eta bide asko dagoen egoteko, aurrerapauso esanguratsuak eman dira homofobiaren aurka. "Dagoeneko 19 herrialdetan sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak baimenduta daude, neurria onartu duten azkenetako batzuk Uruguai, Irlanda eta Erresuma Batua", organizazioaren esanetan.
Poliziak Istanbulko Harrotasunaren martxa desegin du, indarrez: