Gizartea -
Urrezko Hirukia sariak
EHGAMek LAB eta STEE-EILAS saritu eta Bilboko Udala 'zigortu' ditu
Homosexualen eskubideak defendatzen dituen elkarteak Bilboko Udala 'zigortu' du, 2010eko araudi bati erreparatuta, Santa Domingoko aldapan gizonezkoen arteko amodio-aferak debekatzeagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EHGAM homosexualen eskubideak defendatzen dituen elkarteak Urrezko Hirukiak sariak banatu ditu, eta LAB eta STEE-EILAS sindikatuak saritu ditu aurten. Gainera, Bilboko Udala 'zigortu' du "Santa Domingoko aldapan gizonezkoen arteko amodio-aferak" debekatzeagatik.
EHGAMek irabazleak jakitera eman ditu gaur. Hori dela eta, Urrezko Hirukia eman die STEILASi "Genero eta aniztasun sexualerako Gida" argitaratzeagatik, eta LABi "Lan-zentroetan bazterkeriaren eta jazarpen homofobikoaren aurkako Protokoloa" egiteagatik.
Bestalde, Iñaki Perurenari eta maiatzaren 17ren inguruan Bizkaiko Foru Aldundiko kanpainan parte hartu zutenei aipamen berezia eman diete.
Oihal-Abarketaren 'zigorra', berriz, Bilboko Udalarentzat izan da, 2010eko Espazio Publikoaren Erabilera Arautzeko Ordenantzari erreparatuta, Santa Domingoko aldapan gizonezkoen arteko amodio-aferak debekatzeagatik.
Gainera, Jose Ignacio Munilla gotzainak aipamen negatiboak jaso ditu, 'Sexo con alma y cuerpo' liburuan egindako adierazpenengatik. Azkenik, Europako Justizia Auzitegiari ere aipamen ezkorra egin diote, odola eman ahal izatea homosexualei galaraztea diskriminazioa ez zela ebatzi zuelako.