Gizartea -
OSASUN BATZORDEA
'Alkoholak beste droga batzuetarako atea zabaltzen die gazteei'
Imanol Kerejeta psikiatraren hitzetan, gazteek alkohola kontsumitzeko modua aldatu egin da, 'gutxiagok gehiago edaten dute'. Prebentzioan jarri behar dela indarra nabarmendu du.
EITB.EUS
Adingabeen artean, alkohol kontsumoa egonkortu egin da; hau da, ez da areagotu, baina ezta gutxitu ere. Joera aldaketa txikia sumatzen da, hori bai: kontsumitzaile kopurua murriztu egin da gazteen artean, baina kotsumitzen dutenek alkohol gehiago hartzen dute. Imanol Kerejeta Donostia Ospitaleko Psikiatria buruak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, eta ondorio nagusi hori nabarmendu du bertan.
Alkoholaren kontsumoa beste droga batzuetarako atea zabaltzeko bidea izan daitekeela adierazi du. Kerejetaren hitzetan, prebentzioan jarri behar dira indarrak, eta ez erakundeek bakarrik, gizarte osoak inplikatu behar baitu arazo honetan.
Adingabeen artean, alkohol kontsumoa egonkortu egin da, baina "aisialdia gehiegi edatearekin lotzen dute" gazte askok, eta hor nolabaiteko aldaketa sumatzen du Donostia Ospitaleko Psikiatria buruak: "Gutxiagok gehiago kontsumitzen dute". Horren eragina osasunean, epe laburrera baino, epe luzera nabarituko dute gazteek, Kerejetaren esanetan, alkoholak burmuinari zuzenean egiten baitio kalte.
Horregatik, "mezu zehatzak helaraztea" da prebentzioa gazteengana zuzentzeko bidea. Erakundeen aldetik egindako kanpainak bakarrik ez dira nahikoa, horren esanetan, eta gizarte osoaren inplikazioa behar dela adierazi du.