Gizartea -
IRUN
Bi alardeek festa-giroan zeharkatu dituzte Irungo kaleak
Besteak beste, Emakunderen, Arartekoaren, EH Bilduren eta Podemosen babesa jaso du alarde parekideak. Jose Antonio Santano alkate sozialistak ez dio alarde mistoari harrerarik egin.
AGENTZIAK
Eguzkia eta beroa lagun, normaltasun osoz ospatu dute San Martzial eguna Irunen. Alarde tradizionalak eta alarde mistoak herriko kaleak zeharkatu dituzte, bakoitzak bere aldetik, eta kolorez eta musikaz jantzi dituzte Irungo bazterrak.
Alarde tradizionala abiatu da lehendabizi. Urdanibia plazatik atera eta San Juan plazara jo du. Emakumeek kantinera gisa bakarrik parte hartzen dute alarde horretan; 19 konpainiaz osatuta dago, bakoitzak bere kantinera du, eta 7.500 gizonezkotik gora biltzen ditu. Laugarren urtez jarraian, aurten ere, Iñaki Arruabarrena jeneralaren zuzendaritzapean egin da desfilea. San Juan plazan egin du bat desfilearekin, arma-ikuskatzea eta deskargak egiteko. Kaleak jendez gainezka zirela egin dute ibilbidea.
PSE-EEko, EAJko eta PPko udal ordezkariek Udaleko balkoitik jarraitu dute alarde tradizionalaren desfilea. Jose Antonio Santano alkate sozialistak nabarmendu duenez, "errespetuz eta ilusioz" ospatu dute festa. "Irun, beste behin, elkarbizitzaren eredu izan da", esan du.
Ondoren, alarde tradizionala Juncal plaza txikira zuzendu da berriz ere, deskargak egiteko eta handik irteerara itzultzeko. Goizeko hamarrak inguruan amaitu dira lehenengo alardearen egitekoak, eta 10:20an iritsi da mistoaren txanda.
Soldadu gisa gizonek zein emakumeek esku hartzen duten alardeak tradizionalaren ibilbide bera egin du hirigunetik zehar. Inma Landari egokitu zaio bigarren urtez jeneral-lanak egitea, eta 11 konpainia eta 1.300 pertsona izan ditu bere aginduetara. Alarde mistoak ere herritarren babesa jaso du ibilbide osoan zehar; jendetza batu da gizonek eta emakumeek osatutako alardea txalotzeko.
Julia Hernandez (Arartekoaren ondokoa), Izaskun Landaida (Emakundeko zuzendaria) eta Ana Alberdi (Emakundeko idazkari nagusia) desfile mistoa bertatik bertara ikusten egon dira. EH Bilduko eta Podemoseko Gipuzkoako ordezkaritza ere egon da alarde mistoaren desfilean, babesa erakusten.
Landaidak adierazi duenez, "emakumeek festa honetan berdintasunean parte hartzeko eskubide osoa dute". Horren ustez, tradizioak garai berrietara egokitzea beharrezkoa da, bere izaerari uko egin gabe, herritar guztiei aukera berdintasuna bermatuz. Hernandezek, bere aldetik, erakunde publikoek berdintasuna bermatzeko neurriak hartzeko ardura dutela esan du. Horren harira, Eusko Jaurlaritzak duela gutxi kaleratu duen inkesta bat ekarri du gogora; bertan, iruindarren gehiengo zabal batek berdintasunerantz pausoak ematearen aldeko jarrera erakutsi zuen, egungo egoera gainditze aldera.
Ainhoa Beola EH Bilduko batzarkideak, berriz, gogor kritikatu du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi berria eta Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea alarde mistoa babestera joan ez izana.
Arratsaldeko desfileak alderantzizko ordenan egin dira; horrenbestez, mistoa 17:30ean atera da Urdanibia plazatik, eta ordubete geroago abiatu da tradizionala. Alarde biek bat egin ez dezaten, mistoa 20:00ak baino lehen atera da San Juan plazatik, tradizionalari lekukoa emateko.
Ospakizuna urtero egiten da ekainaren 30ean, eta tokiko miliziek 1522an frantses tropen aurka San Martzialgo guduan lortutako garaipena ospatzen da horrekin. Porrot horren ondorioz, frantsesek atzera egin behar izan zuten, eta ezinezkoa egin zitzaien mugako gune hori kontrolpean hartzea.