Gizartea -
Kea arnastuta
Berrizko sutea itzali dute eta bi pertsona arin zauritu dira
Biztan estanpazio-lantegiak su hartu du Eitua industrialdean. Pabiloiaren erdia kiskali du suak. Bi suhiltzaile ere ospitalera eraman behar izan dituzte. “Oxigeno frogak” egin behar izan dizkiete.
EITB.EUS
Berrizko (Bizkaia) Biztan estanpazio-lantegian sute bat izan da gaur. Enpresaren pabiloiaren erdia kiskali du suak, baina dagoeneko itzali dute suhiltzaileek. Bi pertsona zauritu dira kea arnastuta eta Galdakaoko ospitalera eraman behar izan dituzte.
Bizkaiko Aldundiaren suhiltzaileetako iturriek jakitera eman dutenez, bi suhiltzaile ere ospitalera eraman behar izan dituzte. “Oxigeno frogak” egin behar izan dizkiete. Tenperatura altuek akituta utzi dituzte. Hala ere, biak jadanik suhiltzaile-parkera itzuli dira.
Sua eguerdian piztu da Eitua industrialdean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Etxetik ez ateratzeko deialdia
Suaren ondorioz, ke-lainoa zabaldu da, eta, toxikoa izan daitekeela eta, bizilagunei etxetik ez ateratzeko deia egin die Ertzaintzak. Suhiltzaileek lortu dute sua kontrolatzea, eta bizilagunei etxetik lasai ateratzeko esan die Jaurlaritzak arratsaldeko 16:10ean.
Antza, sua piztu denean, bi langile zeuden eraikinean, baina euren kabuz atera dira biak kanpora, eta ez dute minik hartu.
Ertzaintzak N-634 errepidea itxi du, 76. kilometroan, Berriz parean. Haizearen eraginez, ke-laino handia zabaldu da inguruan, eta badaezpada itxi dute errepidea. Oraingoz, ez dakite nola piztu den sua.
20 suhiltzaile
Iurreta, Markina, Derio eta Gernikako 20 suhiltzailek parte hartu dute sua itzaltzeko lanetan. Zortzi kamioi-bonba eta lau eskailera eraman dituzte.
Sua itzali ondoren, suhiltzaileak parkeetara itzuli dira, baina badaezpada suhiltzaile-talde bat bertan geratu da.