Gizartea -

Omenaldia

Laffage gogoratu dute Iruñean,bere hilketaren urteurrenaren bezperatan

Lehenengo aldiz omenaldian parte hartu dute Iruñeko alkateak eta Nafarroako parlamentuko presidenteak.

Nagore Laffange irundarra gogoratu dute gaur Iruñean. Argazkia: EFE
Nagore Laffange irundarra gogoratu dute gaur Iruñean. Argazkia: EFE
Nagore Laffageren oroimenez konzentrazioa egin dute Iruñean

0:27

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

300 pertsona inguruk parte hartu dute Nagore Laffage zenari, Jose Diego Yllanesek 2008ko sanferminetan hil zuen irundarrari, gaur Iruñeko Gaztelu plazan egin dioten omenaldian. Halaber, bertaratutakoek genero indarkeriaren eta sexu erasoen kontrako jarrera irmoa agertu dute.

Lehenengo aldiz, Iruñeko Udalak -alkatea buru zela- eta Nafarroako Parlamentuak parte hartu dute omenaldian. Gainera, ekitaldian izan dira EH Bilduko, Geroa Baiko, Ahal Duguko, I-Eko eta PSNko ordezkariek ere.

San Fermin egunean zazpi urte beteko dira Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuela, eta gaztea gogoratzeko eta haren sendiari babesa emateko ekitaldia egin dute gaur. Omenaldian, bi dantzarik aurreskua egin dute Nagore Laffageren argazki baten eta haren amaren -Asun Casasola- aurrean, eta gainera loreak jarri eta kandelak piztu dituzte.

Ehunka lagunek beren babesa agertu diote Asun Casasolari, Nagore Laffageren amari, eta Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea esaterako haren alboan kokatu dira. Ekitaldian hiru pankarta irakurri ahal izan dira: "Ez, ez da. Justizia!", "Zure faltagatik" eta "Sexu erasoei ez! Ez, ez da!".

Asun Casasolak eskerrak eman ditu 2008az geroztik Iruñean jasotzen duen babesagatik eta iruindarrei beren elkartasuna eskertu die. Halaber, sanferminen bezperatan mezu zuzena bidali du: "Ongi pasa, baina izan errespetua eta arduraz jokatu. Pixka bat gutxiago edan. Ez, ez da".

Txalaparta doinuen ondotik, txalo zaparrada batekin amaitu da omenaldia.

Bestalde, San Fermin egunean Iruñeko Udalaren aurrealdea morez argiztatuko dute.

Jose Diego Yllanesek 2008ko uztailaren 7an itota hil zuen Nagore Laffage. Ordu batzuk lehenago ezagutu zuen sanferminetan eta harekin sexu harremanak izateari uko egin ostean, gizonezkoak gaztea hil egin zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea azken orduko berriak Indarkeria matxista