Gizartea -
Andre Maria Zuriaren jaiak
Umore ona eta musika nagusi, abuztuaren 4tik 9ra, Gasteizko jaietan
Udalak bertako taldeen eta euskararen presentzia indartzearen aldeko apustua egin du aurtengo egitarauan.
agentziak | erredakzioa
Estilo guztietako musika, umorea, folklorea eta su artifizialak izango dira, besteak beste, Gasteizko Udalak Andre Maria Zuriaren jaietarako antolatu dituen 342 ekitaldietako batzuk.
Gorka Urtaran alkateak eta Iñaki Prusilla Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotziak aurkeztu dute abuztuaren 4tik 9ra izango diren ospakizunen egitaraua, eta bertako taldeen eta euskararen presentzia indartzearen aldeko apustua egin dutela jakinarazi dute.
Korterraza laburmetrai proiekzioek girotuko dute hiriburua, Artium museoan, uztailaren 29tik abuztuaren 1era; eta egun horietan Gasteiz Big Banden, Ertzaintzaren Bandaren eta Araiakoaren emanaldiak izango dira, besteak beste.
Abuztuaren 2an, Plaza Berrian jaietako pregoia irakurriko du Unax Ugaldek, 21:30ean.
Foruen Plazako musika emanaldien artean Green Valley, Los Secretos, Hesian, En Tol Sarmiento, Carlos Jean eta Loquillo egongo dira.
Abuztuaren 5etik aurrera, Matxete plaza izango da euskal taldeen agertoki: Oreka TX, Kalakan, Tadusak, Xaiko eta Juantxo Skalari@La Rude Band.
Probintzia Plazako, Santa Maria Katedraleko eta Falerina lorategiko, Floridako, Peñafloridako, Plaza Berriko eta Arcako kontzertuekin osatuko da musika eskaintza.
Gainera, Katedral Berriaren lorategian umorearen txokoa jarriko dute, eta Matxete plazan, kontzertuez gain, bertsolariak egongo dira, eta "Txalaparta biraka" ikuskizuna.
Su artifizialen nazioarteko erakusketak, haurrentzako ikuskizunak, zoko arabiarrak eta artisau eta gastronomia azokak osatuko dute Udalak antolatutako jai egitaraua.