Gizartea -

Droga

Bi atxilotu Durangon, droga-trafikoaren kontrako operazio batean

Operazio berean, beste 11 lagun atxilotu eta 16 kilo heroina atzeman ditu Poliziak.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia Nazionalak 16 kilo heroina atzeman eta 13 lagun atxilotu ditu, horietako bi Durangon, Herbehereetan eta Espainian aritzen zen droga-trafiko sare bateko kide direlakoan. Gainerako atxiloketak Galizian (7) eta Madrilen (4) egin dituzte.

Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak jakitera eman duenez, Durangon bi gizonezko atxilotu zituzten, ikertzen ari ziren lagunetako bat bestearekin batera Herbehereetatik bueltan zetorrela. Antza denez, kamioian egin zuen Herbehereetarako bidaia droga partida bat jasotzeko.

Ibilgailua miatu zutenean, motxila baten barruan 10 kilo heroina atzeman zituzten 20 paketetan banatuta.

Gero, beste lau lagun atxilotu zituen Poliziak: Madrilera droga partida bat ordaintzera joan zen bikote galiziar bat eta Herbehereetatik Madrilera droga kobratzera sarritan joaten ziren bi turkiar.

Laurak batera zeudela baliatuta, Poliziak atxilotu egin zituen, eta 232.000 euro eta kilo bat heroina atzeman zizkien.

Bestalde, Galiziako hainbat etxebizitzatan egindako miaketetan, beste bost kilo heroina, droga nahasteko beste 10 kilo substantzia eta droga manipulatzeko hainbat tresna atzeman zituzten.

Horiez gain, beste zazpi lagun atxilotu zituzten Galiziako Vilagarcia, Cambados, Ourense eta Ferrol herrietan, eta Poliziak 14.000 euro atzeman zizkien.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Drogak gaur