Gizartea -

Sutea

Zortzi lagun hil dira Zaragozako zahar-etxe batean izandako sutean

Gauerdian hasi da sua, Zaragozako suhiltzaileek jakitera eman dutenez. Antza, gela bateko koltxoiak su hartu du.

Santa Fe adinekoen egoitzan izan da sutea. Argazkia: EFE
Santa Fe adinekoen egoitzan izan da sutea. Argazkia: EFE
Zortzi lagun hil dira Zaragozako zaharren egoitza bateko sutean

1:39

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

74 eta 92 urte bitarteko zazpi emakume eta gizonezko bat hil dira larunbat gauean Zaragozako Cuarte de Huerva herriko zahar-etxe batean izan den sutean. Ezbeharra Santa Fe egoitzan izan da eta beste hamabi lagun erietxera eraman behar izan dituzte.

Gauerdian hasi da sua, Zaragozako suhiltzaileek jakitera eman dutenez. Bi logela erabat kiskalita geratu dira.

Santa Fe zaharren egoitza pribatua da eta hiru solairu ditu. Hogei lagun hartzeko gaitasuna du. Guardia Zibilaren iturriek azaldu dutenez, litekeena da sua egoiliar batek eragin izana koltxoi bati su emanda, baina zehaztu dute oraindik ezin dutela esan sua nahita eragindakoa izan den ala ez.

Zaragozako suhiltzaileak eta Bartzelonako Guardia Zibilaren ikerketa taldeko espezialistak ezbeharra izan den lekura gerturatu dira.

Miguel Servet erietxean, Clinicoan eta Royo Villanova erietxera eraman dituzte hamabi zaurituak eta horietako zortziri sendagiria eman diete. Bestalde, zaurituetako bat egoera larrian dago Zainketa Intentsiboetako Unitatean eta beste biek ere ospitalean igaroko dute gaua, behaketan, beren adina dela eta. Halaber, zaharren egoitzako zaintzaileari sendagiria ematea aurreikusten bazuten ere, urduritasuna tarteko, erietxean jarraituko du.

Bien bitartean, gaur sendagiria jasoko duten zaurituak Zaragozako Alfamen zaharren egoitzara eramango dituzte.

Bestalde, gorpuak Zaragozako institutu anatomikoan daude gaur biharretan autopsia egin zain.

Zaragozako Udalak ikerketa zabaldu du zaharren egoitzak araudia betetzen zuen argitzeko

Pedro Santisteve Zaragozako alkateak iragarri du ikerketa zabalduko dute zaharren egoitzak segurtasunari, irekierari eta instalazioei dagokion araudia betetzen zuen argitzeko eta zein egoeratan zegoen egiaztatzeko.

Halaber, alkateak dolu egun bat ezarri du Zaragozan hildako zortzi lagunen alde.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak gaur Gizartea Eguneko albisteak Adinekoentzako egoitzak Adinekoak Zer gertatu da Aragoin?