Gizartea -
genero indarkeria
Tratu txarren aurrean 'begiak irekiarazi' dizkigute lau ikaslek
Gasteizko Mendizabala zentroko lau ikaslek genero indarkeriaren kontrako bideo lehiaketa bat irabazi berri dute.
E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Maiz errealitatea ezkutuan egoten da, gordeta, eta harago begiratu behar dugu ikusteko. Horixe da, hain justu, Gasteizko Mendizabala GLHBI zentroko lau ikaslek egindako Abre los ojos (Zabaldu begiak) film laburrak helarazi nahi duen mezua. Lan horrek Mutua Madrileña Fundazioak berdintasunaren alde eta genero indarkeriaren kontra egin duen lehiaketa irabazi berri du.
"Nahiago dugu gauza onak ikusi. Horiek ez dituzte txarrak desagerrarazten", irakur daiteke bi minutu eskaseko bideoan, eta aholku hau egiten du: "Lehen indarkeria zantzuen aurrean, salatu".
Film laburrean, bikote baten irudi idilikoak ikus daitezke lehen planoan, eta indarkeriazko irudiak ageri dira bigarren planoan.
Gasteizko lau ikasleen lana lehiaketara aurkeztu diren Estatu osoko institutu, lanbide heziketa eta unibertsitate mailako ikasleek aurkeztutako 182 proiektuen artean gailendu da. Mikel Hernando, Joseba Iñurrieta, Aritz Diez eta Janire Barneto osatzen dute lantaldea. 5.000 euro poltsikoratu dituzte laurek, eta euren bideoa hedabideetan ikusiko dute aurki.
Lehiaketara aurkeztu diren beste lanak ikusteko, kontsultatu #nosdueleatodos etiketa Twitterren.