Gizartea -
Donostian
Zigortuta, 10 urtez bikotekideari tratu txar psikologikoak emateagatik
Bi urteko kartzela zigorraz gain, ezingo du emakumearekin harremanetan jarri edota harengana gerturatu lau urtean eta 5.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio. Tratu txarren kontrako telefonoa: 016
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako epaitegi batek bi urteko kartzela zigorra ezarri dio gizonezko bat,i haren bikotekideari 10 urtean tratu txar psikologikoak emateagatik. Bikoteak seme bat dauka.
Kasuko epaiaren arabera, gizonezkoak era jarraituan tratu txar psikologikoak eman zizkion emakumeari "harremanaren hasieratik", baina, batez ere, semearen jaiotzaz geroztik. Gizonak irainak eta mespretxuak egiten zizkion emakumeari Tolosako beren etxean.
Gizonak "ergel, analfabeto, tentel, nazkagarri, emagaldu, puta eta ero" gisako adierazpenak erabiltzen zituen eta, gainera, emakumearen lana gutxiesten zuen.
Ebazpenean irakur daitekeenez, zigortuak ez zuen bikotekidearen atsedena errespetatzen, haren janzteko modua eta irudia kontrolatzen zituen, haren lantokian gainbegiratzen zuen eta lagunekin irteten zenean "norekin zegoen" jakin nahi izaten zuen telefonoz deituta.
Dokumentuak zehaztu du bien kontu korronteetara sarbidea izatea eta bizi ziren etxebizitzako postontziko giltzak izatea ukatzen ziola.
Emakumea lagun eta familia ingurutik bakartzeko hainbat ekintza ere egiten zituen. Halaber, erotuta zegoela esaten zion emakumeari eta horrek banatzeko asmoa agertu zionean umea kentzearekin mehatxu egin zion, emakumeari beldurra eta estutasuna eraginez.
Modu ohikoan tratu txar psikologikoak emateagatik bi urteko kartzela zigorra ezarri dio epaileak gizonari. Gainera, ezingo du emakumearekin harremanetan jarri edota harengana gerturatu lau urtean eta 5.000 euroko kalte-ordaina (interesak aparte) eman beharko dio. Halaber, zazpi egunez modu iraunkorrean lokalizatuta egon beharko du.
Tratu txarren kontrako telefonoa: 016