Gizartea -

Gertaera

Lekeition intoxikatuta hil zen mutikoaren aita aske gelditu da

Epailearen aurrean deklaratu eta gero, eta prebentziozko neurriak ezarri dizkiote. Hala, besteak beste, astean behin epaitegian aurkeztu beharko du.

Prebentziozko neurriak ezarri dizkiote intoxikatu ziren mutilen aitari

1:09

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekainaren 26an larri intoxikatu ziren Lekeitioko anaia bikien aita behin-behinean aske gelditu da epailearen aurrean deklaratu ostean, EiTBk jakin ahal izan duenez.

Ertzaintzak asteazkenean atxilotu zuen eta, gaur epailearen aurretik pasatu ondoren, epaileak prebentziozko hainbat neurri eta beste zenbait neurri zibil ezarri dizkio. Hala, besteak beste, astean behin epailearen aurrean aurkeztu beharko du.

Ertzaintzako iturriek Eferi azaldu diotenez, agenteek egindako ikerketan eta toxikotasun azterketan oinarritu dira haurren aita atxilotzeko, gertatutakoarekin zerikusia duelakoan.

Era berean, ikertzaileek ama inputatu dute, baina aske dago uneotan.

Aipatutako iturrien arabera, gurasoen inguruko hainbat pertsonak ere deklaratu dute, jazotako ezbeharra argitzeko asmoz.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, auzia sekretupean dago eta Ertzaintza kasua ikertzen ari da.

Bi anaiak aldi berean gaixotu ziren ekainaren 26an, Lekeitioko leku ezberdinetan egonda, eta artatu zituzten medikuek esan zuten produktu toxikoren bat edo txarto zegoen zerbait jan zutela.

Bi anaiak Gurutzetako Ospitalera eraman zituzten helikopteroz, baina horietako bat uztailaren 1ean hil zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Lekeitio albisteak