Gizartea -

Katalunia

1.235 hektarea erre dituen Odenako sutea itzali ezinik jarraitzen dute

Generalitateak berri eman duenez, suaren perimetroa ezartzeko lanean ari dira suhiltzaileak, bereziki, ezker hegalean. Bestalde, 30 lagun inguruk etxetik kanpo jarraitzen dute.

Odenako sutea. Argazkia: EiTB
Odenako sutea. Argazkia: EiTB
Odenako suteak 1.000 hektarea erre ditu eta kontrolik gabe jarraitzen du

1:24

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igande arratsaldean Bartzelonako Odena herrian piztutako suteak 1.235 hektarea kiskali ditu eta suhiltzaileak hura itzaltzeko lanetan ari dira.

Oraindik ere sua itzaltzea lortu ez badute ere, suhiltzaileek gauean egindako lanari esker, suaren perimetroa ez da handitu azken orduotan. Orain suaren perimetroa egonkortzeko lanean ari dira.

Suhiltzaileek sutearen ezker hegaleko lanak lehenetsi dituzte, C-37 errepideko 78. eta 81. kilometroetatik ekialdera, Penyoratik gertu.

Suteak kaltetutako gainerako eremuan puntu bero ugari daude oraindik ere eta suhiltzaileak txingarrak indarra hartzearen beldur dira eta, horregatik, ingurua bustitzen ari dira.

Kataluniako urteko sute handiena dena itzaltzeko lanetan, suhiltzaileen 130 ibilgailu eta 11 hegazkin ari dira.

Bestalde, Jordi Jane Generalitateko Barne kontseilariak astelehen honetan ohartarazi duenez, haizeak Odenako sutea hedatu "eta babestutako eremuak arriskuan jar dezake". TV3 telebista publikoari egindako adierazpenetan esan du sutearen perimetroa ezartzeko lanetan ari direla, bereziki, ezker hegalean. Suhiltzaileen profesionaltasuna eta koordinazioa goraipatu du eta gaineratu du horien lanari esker suak 1.000 hektareari eragiten diola soilik. Janek zehaztu du 22 helikoptero -Generalitateko 17 eta Espainiako Nekazaritza Ministerioko 5- prest dituztela, nahiz eta lainoak horien lana oztopatu. Halaber, azpimarratu du ADFko bi agente artatu behar izan zituztela atzo, hurrenez hurren, lipotimia eta eroriko batengatik.

Atzo, hainbat lagun beren etxeetatik irtenarazi zituzten eta oraindik ere Sant Salvador de Guardiola herriko Ca l'Esteve urbanizazioko 30 pertsonak beren etxebizitzetara itzuli ezinda jarraitzen dute. Bien bitartean, Montserrat Park del Bruc eta Font del Bosc urbanizazioetako bizilagunak gauerdian itzuli dira beren etxeetara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Suteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa