Gizartea -

1.235 hektarea, kiskalita

Galtzua birrintzeko makina batek Odenako (Bartzelona) sutea piztu zuen

Sua egonkortu eta kontrolpean dute dagoeneko. Sutea itzaltzeko lanei lagundu diete tenperaturaren jaitsierak, hezetasunaren gorakadak eta haize ahulak.

Odenako sutea inguratuta dute, baina ez kontrolpean

1:14

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Odenako (Bartzelona) sutea hasi zen lursaileko jabeak gaur aitortu duenez, galtzua birrintzeko bere makinak sua piztu zuen txinparta eragin zuen igandean. Suteak 1.235 hektarea kiskali ditu Anoia eta Bages eskualdeetan. Sua egonkortu eta kontrolpean dute dagoeneko, Jordi Jane Barne kontseilariak gaur iragarri duenez.

59 urteko gizona Igualadako (Bartzelona) polizia-etxera joan da gaur gertatutakoa azaltzeko. Esquadra mossoek baso-sute delitu batengatik inputatu dute, baina ez diote nahita egitea egotzi, nahiz eta igandean kontraesanetan aritu.

Aurten, Katalunian, izandako baso-sute handiena da. Sutea itzaltzeko lanei lagundu diete gaur tenperaturaren jaitsierak, hezetasunaren gorakadak eta haize ahulak.

Etxetik atera zirenak itzuli dira

Suari oztopo jarri dio gaur eguraldiak. Horrela, ebakuatu zituzten pertsona asko euren etxeetara bueltatu dira dagoeneko. Sant Salvador de Guardiolako Can Puig udalekuetan zeuden 72 adingabeak etxera itzuli dira, Manresako Congost pabiloian gaua pasa ondoren.

Guztira, suak 1.235 hektarea kiskali ditu. 890 baso hektarea erre ditu suteak. Era berean, 186 laborantza hektarea, 127 sastrakadi hektarea, 19 larre hektarea, 10,4 hiri-lur hektarea eta lur ez-emankorren 2,7 hektarea kiskali ditu.

Sutea Odenan (Bartzelona) efe

Sutea Odenan (Bartzelona) efe

Suhiltzaile bat kiskalitako zonaldean. Argazkia: EFE

El Bruc, herririk kaltetuena

El Bruc (Bartzelona) suteak gehien kaltetutako herria izan da, 628 hektarea; ondoren Castellfollit del Boix 434 hektarea; Sant Salvador de Guardiola 128 hektarea; Odena 38 hektarea eta Castelloli 7 hektarea baino gehiago.

El Brucen eta Manresan zabaldu zituzten harrera zentroak, Congost kiroldegia esaterako, itxi dituzte jadanik, pertsona gehiago artatu behar izango ez dituztela uste dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Bartzelona albisteak