Gizartea -

Droga-kontsumoa

'Gorakada txikia' izan du heroinaren kontsumoak, Euskadin

Galdakaoko ospitaleko psikiatria saileko arduradunak Radio Euskadin ohartarazi duenez, heroinaren kontsumoa apur bat igo da Euskadin.

Heroina
Heroina
Drogen polikontsumoa gero eta hedatuagoa dago

1:32

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Radio Euskadin egindako adierazpenetan, José Martín Zurimendi Galdakaoko ospitaleko psikiatria saileko arduradunak jakitera eman du Euskadin heroinaren kontsumoa "gorakada txikia" izaten ari dela, "agian krisialdiaren eraginez".

Gazteen artean drogen kontsumoa gehiago dela iruditu arren, inkesten arabera kontsumoak behera egin duela eta aldatzen doala adierazi du. Hala ere, heroinaren kontsumoari dagokionez, zertxobait igo dela ohartarazi du: batez ere erreta, eta ez horrenbeste injektatuta.

Ildo beretik, "neska gero eta gazteagoen arteko" alkoholaren kontsumoak ere ardura sorrarazten diela aipatu du, baita substantzia bat baino gehiago nahasteen dituzten 'koktel' izenekoenak ere.

Kontsumo motari dagokionez, Zurimendik azpimarratu du droga horiek era intentsiboan eta substantziak nahasiz hartzen direnean sortzen dela "arazoa".

"Epe laburrean kontrola galtzea bilatzen dute, substantziak eta alkohola nahasita. Arriskutsua da, ardura gutxiago izaten baita, eta drogak gomendagarriak ez diren substantziekin egon ohi dira 'ebakita'. Beti gertatu den zerbait da, heroina bidezko intoxikazioak heroina ona zetorrenean gertatzen ziren lehen ere batzuetan", gogorarazi du.

Haxixari buruz, "oso hedatuta" dagoela aitortu du, eta "zenbaitzuek dioten bezain substantzia toxikoa izango balitz, ez genituzke behar adina ohe izango ospitaleetan", gaineratu du.

Hala ere, azaldu duenez, "badago pertsona batzuei haxixak eragiten dizkien arazoak minimizatzeko joera. Egiaztatuta dago norbanako batzuei koadro psikotikoak sortzen dizkiela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Drogak Gizartea bideoak Irratia euskaraz Irrati programazioa Galdakao-Usansolo Ospitalea azken ordukoa Kontsumoari buruzko albisteak