Gizartea -

Gipuzkoa

Deskargako harri-jauzia konpontzeko lanak abiarazi dituzte

Ondoren, Deskargako autobidea eraiki ahal izango da, Beasain eta Bergara lotzeko. Bilduk eten egin zituen lanak, baina EAJ-PSE-EErentzat ezinbestekoa da.

deskarga mendatea

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentua karga zelulak jartzeko lanekin hasi da, GI-632 errepideko Antzuola-Bergara zatian duela urtebete gertatu zen harri jauzia konpontzeko. Uztailaren 15ean ekin zitzaien lan horiei, eta abuztuan bertan hasiko da hegala egonkortzeko jarduketarekin.

Departamentuak egin dituen aurreikuspenen arabera, obraren iraupena sei hilabetekoa izango da; hori amaitzean, azkenik, Deskargako autobidea eraiki ahal izango da, Beasain eta Bergara lotzeko.

Bilduk geldiarazi zituen autobidearen lanak. Aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi du "erabateko lehentasuna" duela obra honek, eta hala berretsi du Aintzane Oiarbidek Bide Azpiegituretako diputatuak, gogorarazi baitu lan hauei presa ematea izan zela Foru Gobernura iritsi eta hartu zuten lehenengo erabakia.

Zehazki, agindu zen karga zelulak jartzea, harri jauzia gertatu zen hegalean, Bergaran, ezpondaren egoera zein zen neurtzeko eta, horrela, konpontzeko lanei ekin eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Proiektuaren xedea da lerratu ez den ezponda zatia sendotzea, jauzitako materiala kentzea eta lurra egonkortzea.

Lan horiek egiteko gehieneko aurrekontua 2,2 milioikoa (BEZa kanpo), eta epea, berriz, sei hilabetekoa. Deskarga lanak amaitu ondoren, Beasain-Durango autobidea eraikitzeari ekingo zaio; aurreko foru gobernuak ez zion heldu proiektu honi, baina gobernu berriarentzat lehentasunezkoa da. Horregatik, Bide Azpiegituretako Departamentua tramiteak egiten ari da, iraila hasierarako proiektu berriaren idazketa esleitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea Gipuzkoako albisteak EH Bildu Bizkaia PSE-EE albisteak Bergara Beasain albisteak