Gizartea -
Bi egun kanpoan eman ostean
Gatako sutea egonkortuta dago, eta auzokideak etxera itzuli dira
Hoyoseko biztanleek bi egun pasa dituzte etxetik kanpora sutea euren etxebizitzetara gerturatzeko arriskua baitzegoen. Lau egun aktibo egon da sutea.
Agentziak | Erredakzioa
Hoyoseko biztanleak euren etxebizitzetara itzuli dira. Larunbat goizaldean muguarazi zituzten, Gatako sutea euren etxeetara hurbiltzeko arriskua baitzegoen. Suteak lau egun aktibo eman ditu, iragan ostegunetik, eta egonkortuta dago jada.
Klimatologia mesedegarria izan da egunotan eta horrek sutea itzaltzeko lanak erraztu egin ditu. Ondorioz, mugiarazi zituzten 2.000 pertsonak euren etxeetara itzultzen ari dira.
Sutea egonkortuta dago, baina 2 mailako alerta mantentzen du Cacereseko diputazioak. Larunbatean Acebo eta Perales del Puerto herrietako biztanleak hasi ziren euren etxebizitzetara itzultzen. Igande honetan, Hoyoseko bizilagunei tokatu zaie.
Bi gau eman dituzte etxetik kanpora Hoyosen mugiarazi zituzten pertsonek Moralejako alberge eta pabilioietan bi gau pasa dituzte, eta Gurutze Gorriko eta Babes Zibileko boluntarioek koordinatuta egon dira. Herritarren babesa ere nabaritu ahal izan dute.
Errepide guztiak ireki dituzte
Gatako Mendilerroan piztutako suteagatik ostiralean itxitako errepide guztiak ireki egin ditu igande honetan Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak.
Bestalde, Gatako mendilerroa hondamen-eremutzat izendatzeko eskatuko du Jose Antonio Monago Extremadurako presidenteak. Gainera, Ezohiko Maileguaren Legearen onarpena eskatu du, "sute izugarriaren ondorioz, dena galdu duten familiak" artatu ahal izateko.
Zentzu horretan, proposamen bat aurkeztuko du Extremadurako Batzarrean familia horiek "behar bezala artatzeko, xede izanik ahalik eta lasterren normaltasuna berreskuratzea, izan ere, suteak laborantzak, ganadua eta azpiegiturak suntsitu ditu, eta horiek dira familia horien biziraupenerako bitarteko bakarraj".