Gizartea -
Indarkeria matxista
Ehunka lagun, Portu Zaharreko sexu-erasoa gaitzesteko elkartaratzean
"Erasorik ez erantzunik gabe" lelopean, hamar minutuko elkartaratze isila egin dute emakume batek ostegunean, jaietan, jasandako eraso sexista gaitzesteko.
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka pertsona bildu dira Getxoko Portu Zaharrean, ostegunean bertako jaietan emakume batek jasan zuen sexu-erasoa gaitzesteko. 16:30ean izan da elkarataratze isila eta hamar minutu iraun du.
"Erasorik ez erantzunik gabe" lelopean, ehunka auzokide bildu dira Portu Zaharreko eskaileretan. Elkartaratzea Getxoko Udalak eta Portu Zaharreko Jai Batzordeak deitu zuten.
Elkartaratzea amaitzean, Getxoko Udal Gobernuak eta Portu Zaharreko Jai Batzordeak egindako komunikatua irakurri dute. "Ez dugu inolako jarrera sexistarik onartuko" adierazten du testuak eta jaiak eta ohiko egunak "eraso sexistarik gabekoak izateko eta ezezko bat beti ez izateko" lan egingo dutela dio komunikatuak.
"Berdintasunean eta errespetuan oinarritzen den gizartea lortu behar dugu. Emakumeek libre ibili, irten eta bizi ahal izatea, eta emakumeak berak erabaki dezala norekin, non, noiz eta nola izan nahi dituen harremanak. Beti bere borondatea errespetatu dadila", azpimarratu nahi izan dute Jai Batzordeak eta Getxoko Udalak.
Bestalde, mugimendu feministak manifestazioa deitu du ostiral honetako gauerdirako Algortako Portu Zaharrean, osteguneko eraso sexista gaitzesteko.
_________________________________________
Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.