Gizartea -
Arnilla herrian
Gizon bat atxilotu dute Granadan emaztea aizkorakadaz hiltzea egotzita
Ustezko hiltzaileak -72 urte- telefonoz deitu du Polizia etxera egindakoa aitortzeko eta bere buruaz beste egiteko asmoa zuela esateko.
Agentziak | Erredakzioa
72 urteko gizon bat atxilotu dute gaur, astelehena, Arnilla herrian (Gramada) Guardia Zibilaren aurrean emaztea hil duela aitortu ostean. Emakumearen gorpua (68 urte) aizkorakada baten markarekin topatu dute, Efek zabaldu duenez.
Gertaera 07:00ak jotzear zirenean jazo da, Alberto Sols kaleko 1 zenbakiaren parean, Armilla herrian, Granada hiriburuaren hurrengo udalerrian.
Guardia Zibilaren arabera, gizonak ustez emaztea hil ostean Polizia-etxera deitu du egindakoa aitortzeko eta bere buruaz beste egiteko asmoa zuela esateko, baina bertaratu diren agenteek atxilotu ahal izan dute.
Guardia Zibilak abiarazi du ikerketa eta, esan duenez, ez zegoen aurretik salaketarik tratu txarrengatik edo bien arteko arazoengatik. Gainera, ustezko hiltzaileak ez du aurrekaririk antzeko delituengatik.
Atxilotutako gizona Granadako Komandantzian da eta bertan jarraituko du bihar arte, alegia, epailearen esku jarri arte.
Azken biktima horrekin 32 dira indarkeria matxistaren biktimak aurten. Osasun, Zerbitzu Sozialak eta Berdintasun Ministerioaren arabera, 24 emakume hil dituzte eta beste 7 heriotza argitzeke daude oraindik.
_____________________________________
Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.