Gizartea -
Huesca
Alabei abusuak egin eta emaztea hiltzen saiatzeagatik atxilotu dute
Hiru urtez sexu-abusuak egin zizkien bi adingabekoei eta kolpatu egiten zituen ez kontatzeko. Emazteari antikoagulatzailea bota zion uretan. Tratu txarren kontrako telefonoa: 016
Agentziak | Erredakzioa
54 urteko gizonezko bat atxilotu dute Huescan emaztea hiltzen saiatzea eta alabei sexu-abusuak egitea egotzita, Guardia Zibilak astelehenean jakitera eman duenez.
Gizona abuztuaren 8an hartu zuten atxilo, eta Zuerako kartzelan dago ordudanik, Barbastroko (Huesca) 2. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak aginduta.
Bikoteak seme bat zuen, eta emakumeak aurretik beste bikotekide batekin izandako hiru seme-alabak ere bizi ziren haiekin. Ikerketa emakumeak salaketa jarri ondoren abiatu zuen Guardia Zibilak. Senarrak bi alabei sexu-abusuak egin izana eta semea bortxatzen saiatu zela salatu zuen.
Semeak amari kontatu zion aita sexualki jazartzen saiatu zela, eta, ondoren, bi alabek ere sexu-abusuak salatu zituzten. Antza, gizonak hiru urte zeramatzan adingabeak jazartzen, eta jo egiten zituen ezer konta ez zezaten. Gizonak ama kanpoan zenean egin ohi zituen abusuak.
Bi neskatoen arabera, mehatxu ugari egiten zizkien aitak; besteak beste, amari egin behar zioten ebakuntza batean hil egingo zela eta alaba nagusia emaztetzat hartuko zuela esan omen zien.
Emaztea hiltzen saiatu zen
Emakumeak agenteei kontatu zienez, ebakuntza bat egin diote berriki, eta, medikuen esanetan, hiltzeko zorian izan zen antikoagulatzailea baitzuen gorputzean.
Emakumearen arabera, berak ez zuen halako botikarik hartzen; gizonak, ordea, bai. Guardia Zibilari adierazi zionez, afaltzeko erabiltzen zuen pitxarrean hauts zuri batzuen arrastoak ikusi zituen gau batean. Pitxarra aztertuta, agenteek antikoagulatzaile arrastoak topatu zituzten bertan.
Hala, gizona atxilotu eta etxea miatu zuten agenteek. Gizonezkoaren ordenagailua arakatuta, seme-alabei sexu-abusuak egin eta agerian ez geratzeko gomendioen inguruko informazioa bilatu zuela ikusi zuen Guardia Zibilak. Horrez gain, etxeko lorategiko biltoki batean, 26 piroteknia detonagailu, negarra eragiteko gasa zuten lau pote, bi ezpata, aizto handi bat eta aire konprimatutako karabina bat topatu zituzten agenteek.
_____________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.