Gizartea -
Cuencako hilketak
Morate eta bere lagun errumaniarraren arteko aurrez aurrekoa
Morate behin-behineko espetxealdian dago Timisoaran, Errumaniako epaile baten aurrean errugabea dela eta Espainiara itzuliz gero bere bizitza arriskuan egongo litzatekeela adierazi ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Sergio Morateri, Laura del Hoyo eta Marina Okarynska gazteen ustezko hiltzaileari, galdeketa egingo diote gaur Errumania mendebaldean dagoen Lugoj hiriko Fiskaltzan, etxean hartu zuen errumaniarra horren konplize izan zen argitzeko. Hori lortzeko helburuz, aurrez aurrekoa izango du harekin.
Gaur goizean, Fiskaltzan sartu denean, Moratek uko egin dio han bilduta zeuden kazetari ugariei erantzuteari.
Istvan Horvath ordu erdi lehenago heldu da. Errumaniarrari Morateren konplize izatea leporatzen diote, ustezko hiltzailea Lugoj hiriko apartamendu batean hartzeagatik. Biak atxilotu zituzten ostegunean, baina Horvath aske utzi zuten gerora, karguak egotzita bada ere.
Fiskaltzak Morateren eta Horvathen arteko aurrez aurreko bat egingo du benetan gertatutakoa argitze aldera.
Bitartean, ustezko hiltzailearen ibilgailua (Seat Ibiza bat) Errumaniako Poliziaren zaintzapean dago, Espainiatik autoa aztertzera joango den lantalde kriminalista iritsi arte.
Polizia-iturri baten arabera, Horvathek adierazi zuen astelehenean iritsi zela Morate bere etxera. Kartzelan ezagutu omen zuten elkar.
Errumaniarrak ziurtatu duenez, bere neska-lagun ohia (Marina Okarynska) hil zuela aitortu zionean ez zion sinetsi, ezta biktimak Palomera basoan lurperatu zituela esan zionean ere (bertan agertu ziren gorputzak).
Cuencako gazteen hilketaren susmagarri nagusia den aldetik, Morate behin-behineko espetxealdian dago Timisoaran, Errumaniako epaile baten aurrean errugabea dela esan eta Espainiara itzuliz gero bere burua arriskuan egongo litzatekeela adierazi ostean.
Morate estraditatzeko izapideak ostiralean abiatu zituzten, hilketa bikoitzaren kasua argitzeko ardura duen Cuencako epaitegiak hala eskatuta.
_____________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.