Gizartea -

Polemika

EAJk onartezintzat jo du genero ideologiari buruz Munillak esandakoa

Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaiak genero ideologia Mendebaldean gehiengoa den sekularizatutako kulturak beregain hartzen duen "marxismoaren metastasia" dela baieztatu zuen.

Egonezina azaldu du EAJk genero indarkeriaren kontrako homiliagatik

1:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk Donostiako Udalean duen Miren Azkarate zinegotziak gaur baieztatu duenez, ezin daitezke onartu joan zen larunbatean Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaiak genero ideologiaren aurka egindako kritikak, mingarriak eta amorragarriak iruditu zitzaizkionak pertsonalki.

Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaiak abuztuaren 15ean Ama Birjinaren omenezko mezan egindako sermoian honako hauxe adierazi zuen: "politikoki zuzena denak, azkenean lege bihurtutakoak, genero ideologia deritzonarekin bat egiten du, eta haren helburua ezkontza eta familia eraistea da".

Halaber, ohiko familia suntsitzea xede duen pentsamendu bakarra existitzen dela gaineratu zuen; horrez gain, genero ideologia Mendebaldean gehiengoa den sekularizatutako kulturak beregain hartzen duen "marxismoaren metastasia" dela ere ziurtatu zuen.

Modu horretan, Azkaratek bat egin du Gipuzkoako Kultura Sailburuak, Denis Itxasok, Munillaren kontra egindako kritikekin. Gainera, Donostiako apezpikuaren hitzak aita santuak duen jarreratik urruti daudela uste du.

Donostiako zinegotziak nabarmendu duenez, Munillak egindako sermoia bereziki desegokia da, adingabeak tarteko izan dituzten genero indarkeriako delitu larriak gertatu diren astean egin delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV