Gizartea -
Gertakaria Gasteizen
Atxilotua, lapurtutako motorra gidabaimenik gabe gidatzeagatik
Gaztea, 21 urtekoa, drogatuta zegoen. Foru kaleko espaloi batetik zihoala atxilotu zuten, larunbatetik iganderako goizaldean.
Agentziak | Erredakzioa
21 urteko gazte bat atxilotu du Gasteizko Udaltzaingoak, lapurtutako motor bat era ausartegian gidatzeagatik, gidabaimenik gabe ere eta drogen eraginpean, gainera.
Udaltzainek gaur jakitera eman dutenez, atxiloketa larunbatetik iganderako goizaldean egin zuten, seiak aldera; agenteek ikusi zuten motor bat Foru kaleko espaloitik zihoala, Manuel Iradier kalerantz.
Gidariari gelditzeko agindua eman ziotenean, horrek ez zuen kasurik egin, eta kontrako noranzkoan egin zuen ihes. Hiriko hainbat kaletik ibili zen, geldiarazi zuten arte.
Zirkulazioaren segurtasunaren aurkako hiru delitu egotzi dizkiote atxilotuari: gidabaimenik gabe zirkulatzea, toxikoen menpean egitea (positiboa eman zuen, cannabisarengatik), eta modu nabarmen ausartegian.
Gainera, motorra salaketen unitatearen esku jarri zuten; izan ere, lapurtua izanaren salaketa zuen ezarrita.