Gizartea -

Egiaztapena

Zure kontua inoiz hackeatu duten jakin nahi al duzu?

Webgune askok ematen dute gure kontuak erasorik jasan duen jakiteko aukera, baina arriskuak dituzte, adituen esanetan. "Zure izena agerian jartzen duzu", ohartarazten dute.

haveibeenpwned.com webgunearen irudia.
haveibeenpwned.com webgunearen irudia.
haveibeenpwned.com webgunearen irudia.

Jesus Elordui | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ashley Madison webguneko milioika erabiltzaileren datuak arriskuan daude, atariak eraso informatikoa pairatu ostean. Urduritasuna handia da webgune horren erabiltzaileen artean; izan ere, desleial izateko aukera ematen duen atari horrek ezkonduta dauden pertsonak jartzen ditu harremanetan. Hori dela eta, azkar hedatu dira kontu bat hackeatu duten ala ez jakiteko aukera ematen duten webguneak; haveibeenpwned.com, esaterako.

Atari horretan sartu bezain pronto, helbide elektronikoa edo erabiltzaile-izena (inoiz erabilitako erabiltzaile-izena izan daiteke) sartzeko eskatzen zaio erabiltzaileari, eta datu horien gaineko informazioa jasotzen du: erasorik ez bada egon, mezu lasaigarria agertzen da pantailan. Gure datuak hackeatu badituzte, baina, segundo gutxi batzuk beharko dira horren berri izateko.

"Good news, no pwnage found!" ("Albiste onak, ez dago ezer arriskuan") esaten badigu, arazoa konponduta al dago? Egin berri dugun egiaztapena ahaztu ahal dugu? Aditu batzuen ustez, ez. Jonas Alvarez EiTBko Sistemak taldeko kidearen esanetan, zalantzak daude horrelako egiaztapenak egiteko aukera ematen duten webguneen gainean: "Zure izena agerian uzten duzu, arreta erakartzen duzu". Horren iritziz, ez dago batere argi erabiltzaileentzat egokia den haveibeenpwned.com bezalako webguneek eskaintzen duten zerbitzua.

Dokumentu bat deskargatzeko aukerarik ez dute ematen

"Susmagarria da webgune hauek dokumentu bat deskargatzeko aukerarik ez ematea; adibidez, Excel dokumentu bat, edonork baieztatu ahal izan dezan kontua hor duen ala ez. Geuk idatzi behar dugu gure kontua edo erabiltzaile-izena", esan dio Alvarezek eitb.eus-i. haveibeenpwned.com bezalako webguneetan aritzeak spam-hartzaileen zerrenda batean sartzea ekar lezake gainera: "Behar ez duten informazioa lortzen dute, zertarako behar duten jakin gabe".

haveibeenpwned.com-ek hemen azaltzen duenez, 175 milioi kontu baino gehiagoren gaineko informazioa du, inoiz hackeatu dituzten 30 webgune baino gehiagokoak. Photoshop bezain ezagunak diren programak garatzen dituen Adobek erasoa jaso zuen orain dela ia bi urte, eta 150 milioi kontutik gora arriskuan geratu ziren.

Ashley Madisonek ia berrogei milioi erabiltzaile ditu munduan zehar; ondorioz, haveibeenpwned.com bezalako webguneak bilatuenen artean egon litezke. Gauza bera gerta liteke Trustify edo cynic.al (Trustify bikotekideen arteko arazoetan dago espezializatuta) bilatzaileekin. Beraz, argi dago zein den adituen aholkua: kontuz egiaztapen hauekin!

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Gizartea bideoak