Gizartea -

Txertoen egutegia

Barizelaren kontrako txertoa urtebetetik aurrera emango du Osakidetzak

Bi dosi emango diete 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako haurrei: lehenengoa, 15 hilabeterekin, eta bigarrena, lau urterekin.

Barizelaren kontrako txertoa 15 hilabeterekin emango du Osakidetzak

00:14

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barizelaren aurkako txertoa aurreratzea erabaki du Osakidetzak, eta 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako haurrei 15 hilabeterekin emango die txertoa, Jon Darpon Osasun sailburuak astelehen honetan iragarri duenez.

Darponek prentsaurrekoa eskaini du Miren Dorronsoro Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarekin eta Itziar Astigarraga Euskadiko Txertaketen Batzorde Aholkulariko presidentearekin batera. Bertan esan duenez, Euskadiko Txertaketen Batzorde Aholkulariko adituek emandako aholkuari jarraiki, txertoa aurreratzea erabaki du Osasun Sailak. Hala, aurrerantzean, bi dosi emango diete haurtxoei: 15 hilabete beteta, lehena, eta lau urterekin, bigarrena.

Orain arte, gaixotasuna inoiz izan ez zuten 12 urteko umeei ematen zieten txertoa.

Txertoaren 30.000 dosi erosteko, 630.000 euro gehiago inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak, Darponek zehaztu duenez.

Kukurruku eztularen aurkako txertoa

Kukurruku eztularen kontrako txertoaren hornidura arazoak direla eta, difteria-tetanoaren eta kukurruku eztularen kontrako txertaketa atzeratu egingo dute sei urteko haurren kasuan. Darponen hitzetan, neurri honek ez du inolako arrisku epidemiologikorik, oroitzapeneko txertoa delako. Hala, 2015eko irailaren 14tik aurrera, haurrek sei urte betetzen dituztenean eman ohi den txertoa geroago emango da, hornidura arazoak konpontzen direnean.

Jon Darpon consejero salud Osakidetza Miren Dorronsoro Itziar Astigarraga varicela. EFE

Darpon, Dorronsoro eta Astigarraga, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Euskadiko Txertaketen Batzorde Aholkulariaren jarraibideak betez, emakume haurdunek izango dute lehentasuna, eta kukurruku eztula duten umeen kopurua ugaritu egin denez, haurdunaldiko azken hiruhilekoan dauden emakumeei aurrerantzean ere emango zaie txertoa. Horrenbestez, urte hasieran hasitako bidetik jarraituko du Osakidetzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak albisteak Gizartea albisteak Umeak Txertoak azken ordukoa