Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen, emaztea jotzea egotzita
Kalean zebilen jendeak atxiki zuten Udaltzaingoa iritsi arte.
agentziak | erredakzioa
35 urteko gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen, ustez emaztea jotzeagatik, alaba adingabearen aurrean. Kalean zebilen jendeak atxiki zuen gizona Udaltzaingoa bertaratu arte.
Atzo, 16:30 aldera, izan zen erasoa, Arabako hiriburuko Judizmendi auzoan.
Gertakariaren berri izan eta berehala, Udaltzaingoaren patruila bat bertaratu zen, eta pertsona talde batek gizonezko bat atxikita zuela eta bi biktimak atari batean gordeta zeudela ikusi zuten agenteek.
Emakumeak udaltzainei esan zienaren arabera, bikotekideak buruan jo zuen, eta lekukoek berretsi egin zuten hori. Gizona "guztiz mozkortuta" omen zegoen.
Horren aurrean, udaltzainek gizona atxilotu zuten, eta ospitalera eraman zituzten emakumea eta neskatoa.
Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.