Gizartea -

Ezbeharra

2 urteko haur bat hil da Astigarragan, autoak harrapatuta

Istripua GI-2132 errepidean gertatu da. Motor edo bizikleta antzeko jostailua galdu egin du haurrak, eta horren atzetik irten denean, errepidera atera da eta auto batek harrapatu du.

Ezbeharra GI-2132 errepidean jazo da. Argazkia: EiTB
Haur bat hil da Astigarragan, autoak harrapatuta

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi urte inguruko haur bat hil da larunbat honetan Astigarragan auto batek harrapatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Etxearen kanpoaldean zegoela, motor edo bizikleta antzeko jostailua galdu egin du haurrak, eta horren atzetik irten denean, errepidera atera da eta Volkswagen Passat ibilgailu batek harrapatu du. Udal iturrik jakinarazi dutenez, Bereziartua sagardotegiaren jabeen senidea da haurra.

Antza denez, 16:20 aldera gertatu da ezbeharra GI-2132 errepidean, Astigarragan.

Osasun zerbitzuetako langileak haurra suspertzen ahalegindu badira ere, tokian bertan hil da.

17:45ak aldera Donostiako Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutura eraman dute umearen hilotza. Bestalde, Ertzaintzak ikerketa ireki du ezbeharraren nondik norakoak argitzeko.

Jesus Mari Santos Astigarragako alkateak doluminak agertu dizkie senideei, eta jazotakoa "desgrazia handia" izan dela gaineratu du. Istripua gertatu den lekua udalerriko "puntu beltza" da, Santosek azpimarratu duenez, eta Foru Aldundiko Errepide-Azpiegitura Sailekin hitz eginda zuen auzia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak errepideetan Trafikoa Astigarraga