Gizartea -

Ezbeharra

Zauritu larri bat Barakaldon, elektrokutatu eta teilatutik erorita

Larri eraman dute Gurutzetako ospitalera. Barakaldoko Udaltzaingoak ikerketa zabaldu du gertaturikoa argitzeko.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barakaldar bat larri zauritu da gaur Barakaldon, elektrokutatu eta fabrika abandonatu bateko teilatutik erorita. Biktima 15 metroko altueratik jausi da eta larri eraman dute Gurutzetako ospitalera. Udaltzaingoak ikerketa zabaldu du gertaturikoa argitzeko.

Barakaldoko Udalak berri eman duenez, ezbeharra 19:00ak aldera gertatu da eta, lehen hipotesien arabera, Burtzeña auzoan dagoen enpresa abandonatuaren kanpoaldeko hesia gainditu du biktimak.

Gaztea teilatura igo da eta goi tentsiora konektatuta dagoen transformadorea ukitu du eta, ondorioz, elektrokutatu eta teilatutik erori egin da. Ezbeharraren eraginez, hainbat minutuz argirik gabe egon dira Bilboko Zorrotza auzoko bizilagunak.

Lekuko batek eman dio abisua Udaltzaingoari eta udaltzainak ezbeharraren tokira bertaratu dira. Lekukoaren testigantzaren arabera, zauritua furgoneta batera igo da eta lagun batek ospitalera eraman du. Gurutzetako ospitalera iristean, ordea, gaztea atean utzi eta ihes egin du gidariak.

Udaltzaingoak ikerketa zabaldu du furgoneta eta haren gidaria aurkitzeko eta gertaturikoa argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barakaldo Gaurko azken ordukoa