Gizartea -
Arena hondartza
Bainua debekatu dute Arena hondartzan, hondakin-uretako ihesagatik
Zenbait bainularik zorabioak eta okadak nabaritu dituzte itsasoko uretik atera direnean. Ihesa pasa den irailaren 15ean izan zen, araztegiko gehiegizko urak kanporaketa eraginda.
Agentziak | Erredakzioa
Bainua debekatu dute Abantoko udalerrian dagoen Arena hondartzan (Bizkaia), hondakin-uretan izandako ihes batek itsasoko ura kutsatu duelako, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak adierazi duenez.
Atzo, osteguna, egindako ikerketetan itsasoan kutsadura mikrobiologiko “handia” zegoela atzeman zuten. Ihesaren arazoa konponduta badago ere, debekuak bere horretan jarraitzen du, araztegia ez baitago egoera onean oraindik. Halaber, bertan izandako zenbait lekukok adierazi dute bainulari batzuk zorabioekin eta okadaka hasi zirela uretik atera bezain pronto.
Hondakin-uren ihesa pasa den irailaren 15ean izan zen. Araztegiak urez gainezka egin zuen eta kutsatutako ura kanporatzen hasi zen, ur horiek Barbadun ibaian sartu zirenean. Barbadun ibaia hondartzaren ezkerreko aldean itsasoratzen da.