Gizartea -
Ezbeharra Nafarroan
54 urteko gizon bat hil da istripu batean, Carcarren
Biktima igandean aurkitu zuten, ezbeharra izan eta ordu batzuk geroago. Bere motorrarekin errepidetik atera zen eta talka egin zuen kutxatila baten porlanezko egituraren aurka.
Agentziak | Erredakzioa
54 urteko gizon bat hilik aurkitu zuten igandean, Carcarren (Nafarroa), ezbeharra izan eta ordu batzuetara. Antza denez, bere motorrarekin errepidetik atera zen eta talka egin zuen kutxatila baten porlanezko egituraren aurka.
Hildakoaren bila ari ziren, senitartekoek desagerpenaren berri eman ondoren, Nafarroako Gobernuak agiri batean jakitera eman duenez.
J.G.S.Z. larunbatean 14:00ak aldera atera zen etxetik, San Adriango lagun bati bisita egitera joan zen, motorrean. Itzultzen ez zela ikusita eta non zegoen ez zekitenez, senideek desagerpena salatu zuten 23:07an.
Nafarroako larrialdi zerbitzuek hura bilatzeko dispositibo bat jarri zuten martxan. Foruzaingoa, Guardia Zibila eta Lodosako suhiltzaileak hasi ziren haren bila, eta Carcar eta San Adrian lotzen dituen NA-134 errepidean bilatzeari ekin zioten.
Azkenik, 02:11 aldera aurkitu zuten haren gorpua, motorraren alboan, errepide horretako 59. kilometroan.
Talka egin zuen kutxatila baten porlanezko egituraren aurka
Dirudienez, errepidetik atera eta kutxatila baten porlanezko egitura baten kontra talka egin ondoren, motorra eta gorpua erdi ezkutaturik geratu ziren, sakan batean. Guardiako medikuak haren heriotza baieztatu besterik ezin izan zuen egin.
Gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman zuten, autopsia egitera. Foruzaingoak ikerketa abiatu du istripuaren arrazoiak argitzeko.