Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Gizon batek bikotekide ohiari eraso dio, Gasteizen
26 urteko erasotzaileak emakumea kolpatu du eta harekin zegoen gizon gazte bati ere eraso dio. Tratu txarren kontrako telefonoa: 016.
Agentziak | Erredakzioa
26 urteko gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen, bikotekide ohiari eta harekin zegoen gizon gazte bati eraso egitea egotzita.
Gasteizko Udaltzaingoak ohar batean jakinarazi duenez, larunbatean atxilotu zuten erasotzailea, Zaramaga auzoko etxebizitza batean.
Etxe batean erasoa gertatzen ari zela ohartarazita, hainbat agente bertaratu ziren, eta emakumea eta bi pisukideak topatu zituzten.
Agenteek ikusi zutenez, emakumeak kolpe-markak zituen, egun horretan bertan eta aurreko egunetan jasotako erasoetan egindakoak, antza.
Horren aurrean, handik gutxira atxilotu zuten udaltzainek ustezko erasotzailea, Gasteizko Mendoza kalean.
_____________________________________
Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.