Gizartea -
Genero indarkeria
9 hilabete, emazteari ileetatik tira egin eta muturrekoa emateagatik
Fiskaltzak 9 hilabete eta egun bateko kartzela-zigorra eta 420 euroko kalte-ordaina eskatu zuen epaiketan, eta gizonak onartu egin zuen. Tratu txarren kontrako telefonoa: 016
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote Donostiako gizonezko bati, eztabaida baten erdian emazteari ileetatik tira egin eta begian muturrekoa emateagatik.
Epaiaren arabera, 2015eko abuztuaren 24ko goizaldean, gizonak ileetatik tira egin eta muturrekoa eman zion begian emazteari, eta, ondorioz, begian lesioak eragin zizkion. Emakumeak 14 egun behar izan zituen lesio horiek gainditzeko.
Halaber, epaian irakur daitekeenez, nikaraguar jatorriko gizonezkoak etengabe iraintzen zuen emaztea "ergela, tuntuna, inozoa" bezalako adjektiboak erabiliz hura gutxiesteko.
Fiskaltzak bederatzi hilabete eta egun bateko kartzela zigorra eta 420 euroko kalte-ordaina eskatu zuen akusatuarentzat epaiketan, eta gizonak onartu egin zuen.
Halaber, lau egunez une oro lokalizatuta egoteko zigorra ezarri dio epaileak bidegabeko irainak egiteagatik, eta hiru urtean ezingo du ez emaztearengana gerturatu ez harekin harremanetan jarri.
_______________________________________
Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu 016 telefono zenbakira (doakoa da eta ez du arrastorik uzten fakturan).