Gizartea -

Hernanin atzemandakoak

CEAR: 'Irakiar errefuxiatuak kaleratzeko arriskuan daude'

Hernanin, hozkailu kamioi baten barruan atzeman zituzten bi laguni kaleratze espedientea zabaldu diete; bestea, ospitalean da oraindik. Asilo eskaera eska lezakete, dena den.

Kanporatze espdientea ireki zaie 2 etorkin irakiarrei

1:20

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hernanin kamioi baten barruan asteartean atzeman zituzten hiru errefuxiatu irakiarrak kaleratzeko arriskuan daude, CEAR-Euskadi errefuxiatuei laguntzeko elkarteak ohartarazi duenez.

Biri kaleratze espedientea ireki diete eta euren auzia Espainiako Poliziaren Atzerritarren Zerbitzuak darama. Hirugarrena, berriz, Donostiako Ospitalean dago oraindik; hipotermiak jota eraman zuten asteartean, eta gela batean dute, ez baitago larri. Litekeena da laster ematea senda-agiria.

Subina Martinez CEAR-Euskadi elkartearen bozeramailearen arabera, asilo politikoa eska lezakete hirurek, Estatu Islamikoaren arriskutik ihesi atera zirelako Irakeko Kirkuk hiritik. Errefuxiatuek eurek egin behar dute eskaera, Poliziaren aurrean, asiloa eskatzeko arrazoien berri emanda. Ondoren, Madrilen, Errefuxiatu eta Asilo Bulegoak aztertu behar du eskaera, eta, normalean, luze jotzen du prozedurak; bi urtetik behera, nekez. Eskaria egin osteko lehen hilabeteetan, gizarte eta gobernuz kanpoko erakundeen laguntza jasotzen dute asilo eskatzaileek, eta "txartel gorria" jasotzen dute eskaria egin eta sei hilabetera; Estatuan legez daudela eta lan egiteko baimena dutela erakusten duen agiria.

Bi gaztek Ertzaintzaren aurrean deklaratu zuten atzo, eta Espainiako Poliziak Donostian duen egoitzan daude orain, Gurutze Gorriak artatuta, eta Gipuzkoako Abokatu Kolegioarekin harremanetan.

Ertzaintzari egindako adierazpenen arabera, 19-26 urte arteko gazteek bakoitzak bere aldetik egin zuen ihes Kirkuketik, eta bidaian ezagutu zuten elkar.  Estatu Islamikotik eta Iraken dauden borrokaldietatik ihesi atera ziren hirurak herrialdetik.

Horien esanetan, euren kabuz lortu zuten Turkiara iristea, eta bertan 7.500-9.000 euro eman zizkioten legez kanpoko talde bati Europa zeharkatu eta Britainia Handira eramateko. Bulgariako mugatik sartu omen ziren Europan, autoz.

Gero, beste ibilgailu batzuen bitartez, Frantziara iritsi ziren, eta han kamioi hozkailu batean sartu zituzten, Britainia Handira zihoala esanez. Kamioi gidariak ez omen zekien barruan zihoazela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hernani albisteak