Gizartea -
Gasteiz
Marotok Gastronomia Hiriburuko antolatzaileen aurka egin du
Guinness marka haustea lortu ez zuen tortillagatik Gorka Urtaran alkateak 50.000 euroko faktura ordaintzea salatu du Marotok. “Ez zuten helburua bete eta kobratu egingo dute”, erantsi du.
agentziak | erredakzioa
Javier Marotok bere burua defendatu du Guinness marka haustea lortu ez zuen tortillagatik ordaindu beharreko dirutzaren harira Gasteizko udaletxean sortutako polemikan. Gastronomia Hiriburuaren antolakuntzak udal-gobernu aldaketa “ez dagokiona jasotzeko” baliatu duela salatu du.
Gastronomia Hiriburuko antolakuntzak esan du Gasteizko Udalak hasieratik jakin bazekiela marka haustea ezinezkoa zela.
“Gertatu den gauza bakarra da ez zutela helburua lortu eta orduan nik faktura ez ordaintzea erabaki nuen, baina orain gobernu aldaketa izan dela baliatu dute ez dagokiena jasotzeko”, azaldu du.
“50.000 euro kobratu nahi dituzte, eta Gasteizko alkate berriak (Gorka Urtaran) niri kalte egitearren ordaindu behar ez den faktura bat guztion diruarekin ordaindu nahi du”, kritikatu du.
“Bizitza profesionalaren beste esparruetan bezala, egiten ez dena ezin da ordaindu; hori da herritarren interesak defendatzea”, azpimarratu du.