Gizartea -
Bizkaia eta Gipuzkoa
Urpetutako garajeak eta ur putzuak, azken orduetako euriteen ondorioz
Bizkaiko suhiltzaileek 35 irteera egin dituzte gauean zehar, gehienak Bilbo Handian. Izan ere, 24 orduko epean 70 mm pilatu dira inguru horretan
EITB.EUS
Azken orduetan izandako euriteek urak hartutako garaje eta sotoak utzi dituzte Bizkaiko hainbat herritan, eta ur putzuak Bizkaiko eta Gipuzkoako errepide askotan.
01:00ak arte, euriarekin lotutako 35 gertakariren berri izan dute Bizkaiko suhiltzaileek, baina azkenean, sei bat kasutan baino ez dute eskua hartu behar izan. Arazo gehienak Bilbo Handian izan dira: hala nola, Barakaldon, Santurtzin, Portugaleten, Galdakaon, Etxebarrin eta Galdakaon. Barakaldora bakarrik, sei irteera egin behar izan dituzte suhiltzaileek. Lutxana auzoko Lube kaleko garaje bat, adibidez, erabat urpetuta aurkitu dute:
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dioenez, ur putzuak izan dira nonahi Bizkaian eta Gipuzkoan. Goizeko lehen ordurako, baina, konponduta zeuden arazoak. Horrez gain, arbola bat jausi da BI-3950 errepidean, Markina parean, eta kendu duten arte, traba egin du.
Izan ere, Bizkaian eta Gipuzkoan abisu horia dago, 12:00ak arte prezipitazio mardulak izan daitezkeela eta. Abisua atzo arratsaldean jarri zuten indarrean. Euskalmeten arabera, Bilbo Handian, 24 orduko epean, 70 mm pilatu dira.
Azken 24 orduotan radarrarekin neurtuta nola banatzen den euria. Medición de lluvia en últimas 24h con el radar. pic.twitter.com/HqpvFJoAAM
— Euskalmet (@Euskalmet) octubre 2, 2015