Gizartea -
iheslariak
Hernaniko hiru irakiarretako bik nazioarteko babesa eskatuko dute
Hirugarrena ospitalean dago oraindik. Kamioi-hozkailu baten barruan aurkitu zituzten, asteartean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Asteartean Hernaniko kamioi-hozkailu baten barruan aurkitu zituzten hiru etorkin irakiar kurduetako bik “nazioarteko babesa” eskatzeko asmoa agertu dute.
Hirugarren gaztea Donostiako Unibertsitate Ospitalean dago oraindik. Gaur gela batera eraman dute, 48 orduz larrialdi zerbitzuetan egon eta gero.
Beste bien abokatuak EFE agentzian azaldu duenez, bere bezeroek Gurutze Gorriko adituekin hitz egin dute gaur, eta “nazioarteko babesa” eskatzeko asmoa erakutsi dute. Oraingoz, baina, ez dakite asiloa edo nazioarteko babes subsidiarioa eskatu.
Calvoren esanetan, asiloa arrazoi “zehatzengatik” ematen da, hala nola jazarpen erlijiosoa, etnikoa edo sexuala pairatzeagatik.
Alabaina, nazioarteko babes subsidiarioa “oso zabala” da, eta gerra batek kaltetutakoei ematen zaie, baina irizpide politikoak, erlijiosoak edo etnikoak kontuan hartu gabe.
Bestalde, abokatuak alegazioak aurkeztu ditu Espainiako Poliziak irakiarren aurka aurkeztutako txosten zigortzailearen kontra. Izan ere, Espainiatik hiru urtez botatzea proposatu du segurtasun indarrak.