Gizartea -

Uholdeak

Gutxienez 17 lagun hil dira Frantzian izandako uholdeetan

Hildako gehiago egon daitezke zenbait gunetara iristeko dauden zailtasunak tarteko. Halaber, ez dute 3 pertsonaren arrastorik, Hollandek baieztatu duenez.

Hainbat hildako Frantzian izandako euriteen ondorioz

1:05

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 17 pertsona hil dira Frantzia hego-ekialdeko Itsas Alpeak departamenduan azken orduotan izandako uholdeetan, Itsas Alpeetako Prefeturak berri eman duenez. Halaber, ez dute 3 pertsonaren arrastorik, Hollandek baieztatu duenez.

Le Monde egunkariak ohartarazi duenez, hildakoen kopurua igo egin daiteke erreskate taldeek zenbait gunetara iristeko dauden zailtasuna tarteko. David Lisnard Canneseko alkatearen hitzetan, urak zenbait ibilgailu itsaso aldera eraman ditu.

Ekaitz gogorrak izan dira azken orduetan aipaturiko departamenduan eta Brague ibaiak gainezka egin du. Pierre-Henry Brandet Frantziako Barne Ministerioko bozeramaileak adierazi duenez, alerta egoera ezarrita zegoen, baina hala eta guztiz ere aurreikuspen guztiak gainditu dira. Are gehiago, Frantziako Meteorologia Zerbitzuek emandako datuen arabera, bi hilabetean egiten duen euri kopurua egin du bart gauean (175 litro ur metro koadroko).

Igande goizeko lehen orduan aurkitu dute oraingoz azken hildakoa dena Bioteko kanpamentuan. Halaber, beste bost lagun hil dira etxebizitza bateko aparkalekuetan itota eta beste hiru lagun, ostera, beren ibilgailua urak eramanda.

Larunbat arratsaldean, bestalde, beste hiru lagun hil ziren Bioteko adinekoen egoitzan eta laugarren bat, berriz, Canneseko aparkaleku batean.

Uholdeen eraginez, 29.000 etxe argindarrik gabe daude.

Euriteek arazo handiak eragin dituzte garraiobideetan; hala, zenbait tren geltoki gainezka daude eta Niza eta Cannes arteko autobidea itxita dago bi noranzkoetan. Are gehiago, Frantziako tren zerbitzua kudeatzen duen enpresak beren desplazamenduak gerorako uzteko eskatu du.

François Hollande Frantziako presidenteak "elkartasuna" helarazi die frantziarrei eta uholdeetan hil diren biktimen senide eta lagunei. Bestalde, Manuel Valls Frantziako lehen ministroak haren Twitter kontuan bere babesa eskaini die euriteen eraginak jasan dituztenei.

Hollandek uholdeen zonaldea bisitatu du, eta hondamendi-egoera ezarriko dutela iragarri du. Gainera, kalte-ordainak hiru hilabeteren buruan ordainduko dituztela aurreratu du.

Halaber, udalerri kaltedunentzako konpentsazio-funtsa sortuko dela adierazi du. Diru-laguntza horren parte bat dendari kaltedunentzat izango da, euren negozioak ahalik eta lasterren ireki dezaten.

Rajoy

Bestalde, Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak telegrama bidali dio François Hollande Frantziako presidenteari eta Manuel Valls lehen ministroari. Gainera, "laguntza osoa" eskaini die uholdeen ondorioei aurre egin ahal izateko.

"Oso hunkituta gaude Itsas Alpeetako eskualdean izandako uholdeengatik. Espainiako herriaren eta Gobernuaren elkartasuna helarazi nahi dizuet", adierazi du Rajoyk telegrama hartan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia argazkiak Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak Uholdeak Hondamendi naturalen biktimak