Gizartea -
Auzitegi Nazionala
24 urteko zigorra espainiar bati, su emanda bikotekidea hiltzeagatik
Emakume venezuelarra erasoa gertatu eta egun gutxira hil zen. Tratu txarren kontrako telefonoa: 016.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Nazionalak 24 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio espainiar bati 2009an haren bikotekideari su eman eta hura hiltzeagatik. Erasoa gertatu eta egun gutxira hil zen emakumea, zeinari tratu txarrak eman ei zizkion. Erasotzaileak ihes egin zuen eta handik bi urtera, 2011ko ekainaren 14an, atxilotu zuten Santiagon (Espainia).
Zigor Aretoko lehen sekzioko epaileak 23 urte kartzela zigorra ezarri dio Alejandro Iglesias Zuritari hilketagatik eta beste urtebete eta erdiko zigorra, berriz, era jarraituan tratu txarrak emateagatik. Halaber, 300.000 euroko kalte-ordaina eman beharko die biktimaren senideei eta ezingo du haiengandik 500 metro baino gutxiagora gerturatu datozen 33 urteetan.
Venezuelak egindako estradizio eskaerari uko egin ostean, Auzitegi Nazionalak Iglesias Zuritaren kontrako prozesura ireki zuen. Epaitutako gertaerak 2009k ekainaren 29an gertatu ziren 26 urteko biktimak Venezuelako El Tigre hirian zuzen apartamentuan.
Hilketaren egunean, haren bikotekidearekin zuen harremana bertan behera uzteko asmoa zuen biktimak. Hori dela eta, eztabaidan hasi ziren eta gizonak "behin eta berriz" kolpeak eman zizkion gorputz osoan emakumeari, harik eta kontzientziarik gabe utzi zuen arte. Segidan, "eta hura akabatzeko asmoz, gasolinaz busti eta su eman zion".
Oraindik bizirik zegoela ikusita, inguruko ospitale batera eraman zuen eta biktima ez zuela ezagutzen esan zion bertako segurtasun zaindariari. Gizonezkoari susmo txarra hartu eta Poliziari deitu zioten ospitaleko langileek. Poliziak polizia-etxera eraman zuen, baina oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, aske utzi zuen.
Aske gelditutakoan hilketaren frogak desagerrarazten saiatu zen eta horietako batzuk ondoren haren autoan aurkitu zuten plastikozko poltsa beltz batean sartu zituen. Ondoren, Brasilgo mugatik barrena Venezuelatik ihes egin zuen.
_________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo biktimaren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu 016 telefono zenbakira (doakoa da eta ez du arrastorik uzten fakturan).