Gizartea -
Transhumantzia
250 buruko artalde bat Algortara helduko da astelehen honetan
Mikel Etxazarretak gidatuko duen artaldea Zegamatik abiatuko da, Bizkaiko udalerri honetara heldu aurretik. Bidean, Otxandio, Ataun, Larrabetzu eta Barrika zeharkatuko ditu.
Agentziak | Erredakzioa
250 buruko artalde bat Algortara (Getxo, Bizkaia) helduko da datorren astelehenean, urriaren 12an. Helburua 80ko hamarkadara arte iraun zuen transhumantzia gogora ekartzea da eta, bide batez, dokumental bat grabatuko dute.
Ibilbidea bihar abiatuko dute Zegamatik eta, oinez etorriko badira ere, zenbait tartetan trailer batean sartu beharko dituzte ardiak. Mikel Etxezarreta artzainak gidatuko duen artalde honek, bidean, Otxandio, Ataun, Larrabetzu eta Barrika zeharkatuko ditu, besteak beste.
Ondoren, Fredi Paia eta Andoni Egaña bertsolariek azken etapa egingo dute beraiekin batera eta Algortako Geltokiko plazara heltzen direnean, 14:00ak aldera, bertso batzuk botako dituzte. Bertan, Mikel Etxezarreta artzainari eta Eli Arrillaga bere emazteari oroigarria emango diete egindako lanagatik.
Bestalde, bidean grabatzen dituzten irudiekin dokumental bat egingo dute Goierri eta Getxora bitartean doan transhumantziaren inguruan. Getxoko Udalak, 1971.urtean jaso zuen baimen-eskaria azkenengoz, artalde bat negua udalerri honetan igarotzeko. Artzainek mendietako elurteetatik ihes egiten zuten, euren artaldeentzako larre bila.