Gizartea -
Bilbo
Bilbobus berrian bizikleta eraman eta telefonoa kargatu ahal izango da
Ibilgailu berria sortzeko 250.000 euroko inbertsioa egin dute eta, energia-eraginkortasunari dagokionez, azken aurrerapen teknologikoak ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Bilbobusek autobus berria estreinatuko du larunbatean, hilak 10, besteak beste: erabiltzaileek bizikleta eramateko aukera eta mugikorrak edo tabletak kargatzeko gailu bat izango dute. Gainera, gidariak inguruan gertatzen dena ikusi ahal izango du, jarri dituzten lau kameraren bidez.
Ibilgailu berria 30 linean (Txurdinaga-Miribilla) ibiliko da eta 250.000 euroko inbertsioa suposatu du. Halaber, autobusak atzeko aldean duen euskarrian bi bizikleta besterik ez dira sartzen, eta, autobusaren barnean, bi botoi berezi daude gidariak jakin dezan noiz jaisten den txirrinduaren jabea.
Guztira 89 pertsona sartzen dira bertan (25 eserik eta 64 zutik) eta, energia-eraginkortasunari dagokionez, azken aurrerapen teknologikoak dituela adierazi du Bilboko Udalak. Bestalde, 360 graduko ikuspegia duten lau kamerek inguruan gertatzen dena erakusten diote autobus gidariari.
Gainera, mugikorrak edo tabletak kargatzeko gailu bat izango du autobusak, baina horretarako beharrezkoa den USB kablea erabiltzaileak eraman beharko du.
Udalaren helburua autobusa eta bizikleta bezalako garraio “ekologiko eta jasangarriak sustatzea” da. Modu berean, berrikuntza honek ez duela zerbitzuaren prezioa igoko baieztatu du.